Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Egokiak al dira gerren inguruko bideo jokoak 8 urteko haurrarentzat?
Ekintza, borroka eta lehia eta gerrako jokoek irabazteko edo galtzeko unibertsoa proposatzen dute. Zenbat eta gehiago jolastu, orduan eta trebetasun handiagoa lortzen da. Berehalako atakea eta defentsa estrategiaren edo hausnarketaren aurreko aukerak dira.
Behaketa, lateralitatea eta espazio orientazioa garatzen dute; era berean, agresibitatea, indarra eta energia ere kanalizatzen dute.
Sailkapen horretan, badira 7 urtetik aurrera jolasean ibiltzeko moduko bideo jokoak, baina zer-nolako edukia duten begiratu behar da. Horretarako, PEGI kodea izeneko Europako herrialdeen kodea dago; hau da, bideo jokoak eta ordenagailu jokoak adinaren arabera sailkatzen dituena. Karatularen aurrealdean bideo jokoa zein adinekoentzat den egokia azaltzen da, eta, atzealdean, jokoa deskribatzeaz gain, bideo joko horren eduki batzuk azaltzen dituzten adierazleak agertzen dira.
Zer opari diezaioket 13 urteko neska bati?
Adin horretako neska batentzat aukera ugari daude; beraz, lehendabizi, zer gustatzen zaion jakin behar da.
Mahai jokoa aukera ona da familian jolasteko; baita, puzzleak bezalako eraikuntza jokoak edo 3 dimentsioko eraikuntzak ere.
Halaber, beste aukera batzuen artean haren adinaren araberako bideo jokoak ditugu. Bideo jokoen karatulan agertzen da PEGI kodeak, bideo jokoak adinaren eta edukiaren arabera sailkatzen dituenak, ezarritako adina; beraz, +12 urte jartzen dutenak izango dira egokienak.
Bestalde, musika gustatzen bazaio, musika irakurgailua, MP3a, ere opari ona litzateke.
Nintendo DS kontsola egokia al da 5 urteko haurrarentzat?
Gaur egun, merkatuan adin horretarako egokiak diren bideo joko eta ordenagailu joko ugari daude. PEGI kodearen arabera, 3 urtetik gorako haurrentzat egokiak diren bideo jokoak badaude.
Bestalde, bideo-kontsolari dagokionez, komeni da instalatzen eta erabiltzen laguntzea, batez ere lehen aldietan.
Egokia al da "Call of Duty" bideo jokoa 11 urteko haurrarentzat?
PEGI kodea da bideo joko eta ordenagailu jokoak adinaren eta edukiaren arabera sailkatzen dituen Europako herrialdeen lehen sistema, eta, kode horren arabera, joko hori 16 urtetik gorakoentzat egin da. Jokoa gerra gatazketan oinarritzen denez, irudi gogorrak agertzen dira; gainera, joko horretan ibiltzeko Interneten konektatuta egon behar da.
Egokiak al dira joko hezitzaile birtualak 5 urteko haurrarentzat?
Jolas didaktikoak haurrentzat egokiak dira, haien bitartez jolas eginez ikasten baitute. Garai berrietara egokitzearekin, joko horiek formatu birtualean agertu dira eta berdin-berdin balio dute haurrari irakasteko.
Joko mota horien helburua gai jakin bat erakustea da. Transmititutako balioei dagokienez ez dute arriskurik. Mota ugari daude eta helduak haurrari irakasten lagun diezaioke modu desinhibitu eta naturalean. Dena den, bideo jokoaren edukia haurraren adinera egokitu behar da; gainera, haurrarekin jolastea komeni da, haurrak ikus dezan jokoak zer-nolako aukerak dituen.
Kontsola egokia da 5 urteko mutiko batentzat?
Teknologiaren aroan bizi gara, eta bideojokoak eta kontsolak erabiltzeak aukera ematen die neska-mutilei teknologia berriekin harremanetan jartzeko. Bideojokoek hainbat gaitasun garatzen laguntzen diote haurrari. 5 urteko haurrentzako bideojoko egokiak daude; dena dela ere, kontsola bezalako euskarri ludiko bat erabiltzea zaila gerta daiteke eta, ondorioz, heldu baten laguntza beharko du hori erabili ahal izateko.
Wii kontsola egokia da 6 urteko mutiko batentzat?
Bideojokoek eragin positiboa izan dezakete haurraren garapenean. Arreta hobetzen dute, arrazonamendua, hausnarketa eta pentsamendu deduktiboa bultzatzen dute, erantzuteko azkartasuna hobetzen dute, begi-esku koordinazioa, etab.
Bideojokoen ondorio positiboak, hein handi batean, gurasoen inplikazioaren araberakoak dira, bai jolasa aukeratzerakoan eta denbora, leku, jarrera, distantzia eta abar adosterakoan, bai txikienekin jolasean partekatzen den denbora erabakitzerakoan.
Wii kontsolak oso erabilera intuitiboa dauka, eta taldean aritu ahal izateko joko aukera zabala; ondorioz, tresna egokia izan daiteke familia osoa dibertitzeko.
Zer adin da egokiena kontsolekin eta bideojokoekin hasteko?
PEGI kodearen arabera, 3 urtetik aurrera dagoeneko hainbat kontsola eta bideojoko egokiak dira. Bideojokoek eragin positiboa izan dezakete haurraren garapenean, baldin eta egoki erabiltzen badira. Garrantzitsua da eduki egokia duten bideojokoak aukeratzea, egoera errealistak ez dituztenak, eta jarrera sexistak eta horrelakoak zabaltzen ez dituztenak.
Egokia da 4 urte haur bati haurrentzako ordenagailu bat uztea?
Ai, haurrentzako ordenagailua erabiltzeak aukera ematen dio haurrari gaur egun hain garrantzitsuak diren teknologia berriekin harremanetan jartzeko. Ordenagailua zuzen erabiltzeko helduak haurrarekin elkarrekin jardun behar du, batzuetan zaila gerta baitakioke, eta gainera bestelako jostailuekin konbinatu behar da.
Egokia da 9 urteko haur bati MP3 bat oparitzea?
Bai, adin horretan haurra teknologia berriekiko interesa izaten hasten da, eta musikan dituen gustuak argitzen hasten da. Beraz, aukera hori baliagarria da, MP3a nola erabiltzen duen kontrolatzen badugu eta berarekin uneak eta aukerak partekatzen baditugu, bakartuta gera ez dadin.
"Nor da nor" jolasaren inguruko informazioa nahi nuke
Hain ezaguna den mahai joko honetan, izenez identifikatutako pertsonaien 24 marrazki dituen taula berdina izango du jokalari bakoitzak. Jokalari bakoitzak pertsonaia baten karta bat hartuko du ausaz. Aurkariak zein karta hautatu duen asmatzen lehena izatea da jolasaren helburua. Horretarako, bai edo ez erantzuna duten galdera ezberdinak egingo dira, hautagaiak kentzen joateko. Arauzko jolasa denez, memoria eta arrazonamendua garatzen eta erabakiak hartzen laguntzen du; gainera, familian ondo pasatzeko balio du.
Zer opari diezaioket 7 hilabeteko haurtxo bati?
Adin horretan, dena aztertzeko garaian egoten da haurra. Adin horretarako aproposak dira ariketa jolasak; hau da, ekintza bat behin eta berriz errepikatzekoak, berehalako emaitzekin gozatzeko.
Jostailu mota horien artean honako hauek egon daitezke: sehaskako mugikorrak, manipulazio jokoak, musika jokoak, peluxeak, jarduera ezberdinak dituzten alfonbrak, soinuak dituzten ipuinak, jarduerak dituzten ehundura ezberdineko panpinak, hozka egitekoak, txintxirrinak, hautsi ezinezko ispiluak eta abar.
Hozka egitea, zurrupatzea, kolpatzea, maneiatzea, zezeltzea, botatzea eta jasotzearen moduko ekintzak jostailu mota horiekin lotzen dira. Azken finean, ariketa jolasek sentimenak garatzen eta haurraren mugimendu eta joan-etorri mota ezberdinak koordinatzen laguntzen dute.
Era berean, kausa-efektu erlazioa eta lehen arrazoibideak lortzeko, zenbait trebetasun hobetzeko eta oreka garatzeko laguntza eskaintzen dute.
Zer opari diezaioket 21 hilabeteko neska txiki bati?
Adin horretan, haurra aztertzeko, hazteko eta inguruan duen mundua ulertzeko garaian aurkitzen da. Bizitzako lehen urte horietan, garun garapena eta ikasteko gaitasuna beste etapetan baino askoz ere handiagoak dira; beraz, jostailu ezberdinak eskaintzeaz gain, harekin batera jolasten denbora asko igarotzea komeni da.
Adin horretarako aproposak dira ariketa jolasak; hau da, ekintza bat behin eta berriz errepikatzekoak. Jolas mota horiek funtsezkoak dira; izan ere, sentimenak garatzen, eta mugimendu eta joan etorri mota ezberdinak koordinatzen laguntzen dute. Era berean, lehen arrazoibideak lortzeko, zenbait trebetasun hobetzeko eta oreka garatzeko laguntza eskaintzen dute.
Jolas mota horietan honako hauek sartzen dira: eskorgak, manipulazio jokoak, arrasteak, musika jokoak, tamaina ezberdineko pilotak, ehundura eta kolore ezberdineko panpinak, jarduera mahaiak, ilustrazioak dituzten gomazko edo oihalezko ipuinak, enkaje errazak dituzten panpinak eta abar.
Nola sustatu irakurzaletasuna haurrengan?
Funtsezkoa da gure seme-alabei txikitatik irakurtzeko gustua buruan sartzea. Horretarako, garrantzitsua da etxean gune lasai eta atsegina sortzea, haiekin liburuak eta ipuinak irakurri ahal izateko. Bizitzako lehenengo urteetan, haurrak ipuinetako irudiei buruzko jakin-mina izango du, egiturei buruzkoa, koloreei buruzkoa… eta oso gustuko dute ipuina entzutea irudiak ikusten ari diren bitartean. Pixka bat handitzen direnean, gauza dira kontakizuna jarraitzeko eta interpretatzeko, eta galderak egiten dituzte. Gure seme-alabengan txikitatik irakurtzeko gogoa pizteak lagundu egingo die irakurtzeko ohitura hartzen eta balioak transmititzeko balioko du, giro ulerterrazean.
7 urteko ahur bat daukat eta 14ko beste bat. Familian jolas egiteko bi adinetarako jolas egokirik badago?
Hainbat jolas daude familiako kide guztiak elkarrekin aritzeko. Mahai jokoak aukera paregabea dira. Garrantzitsuena oso joko zailik ez aukeratzea da, txikiena aritu ahal izan dadin, ezta errazegia ere nagusiarentzat eta familiako gainerako kideentzat; horretarako, fabrikatzaileak gomendatzen duen gutxieneko adinari begiratuko diogu. Halere, txikienari zail samar gerta dakioke jokoaren argibide guztiak ulertzea eta, beraz, zehatzago azaldu beharko zaizkio, jolasaz ahalik eta gehien disfrutatzeko.
Zer jolas dira egokiak 5 urteko neskatila batentzat?
Adin horretan neskatila imajinatzeko eta beste haur batzuekin harremanetan jartzeko adinean dago. Adin horretarako jolasik egokienak jostailu sinbolikoak dira, fikziozko rolak ematen dituztenak, imitazioa nagusi delarik, esaterako, panpinak, sukaldetxoak eta miniaturazko eszenatokiak, mozorroak, etab.; eraikuntza jokoak, hala nola puzzleak, eraikuntzak eta mekanoak, eta arau errazak dituzten jolasak, hau da, jokoa garatu ahal izateko jokalarientzako zenbait arau dituztenak.
13 hilabeteko neskatila bati, zer opari diezaioket?
13 hilabeteko neskatila bat esploratzeko, mugitzeko, botatzeko, zurrupatzeko… adinean dago. Ekintza horiek guztiak ariketa jokoei lotuta daude, hau da, funtsean, ekintza bat behin eta berriro errepikatzen da. Gisa horretako jostailuetan aurki daitezke musika jokoak, zabuak, ibilgailuak, eraikuntza samurrak, gomazko liburuak eta panpinak… Jostailu horiek oinarrizkoak dira haurraren zentzumenak garatzeko.
4 urteko mutiko bati, zer jostailu didaktiko opari diezaioket hiztegia lantzeko?
Adierazpen jolasak, hiztegia lantzen dutenak, imitatzekoak, sinbolikoak, galdera-erantzunezkoak, ahotsa duten elektronikoak eta hizkuntzaren bidez parte hartzekoak, izan ere, arreta eta arrazonamendua lantzen dute, memoriarekin batera. Hizkuntzaren garapenak lotura handi du horrelako jokoekin, haurrek jolasean dabiltzan bitartean esan egiten baitute etengabe, bai bakarrik egonda, bai lagunduta egonda.
Zer jostailu da egokia 4 urteko haur batentzat?
Adin horretan irudikatzeko, sinesteko, imitatzeko eta besteekin harremanetan jartzeko garaian dago. Adin horretarako jostailu egokiak Joko Sinbolikoak dira, fikziozko roletan oinarritutakoak, zeinetan irudimenak rol nagusia jokatzen duen, eta horien artean aurkitzen ditugu panpinak, etxeak, garajeak, miniaturazko eszenatokiak…; Eraikuntza Jokoak, horien artean eraikuntza errazak, puzzleak, mekanoak…; Arau Errazeko Jokoak, hala nola trebetasun jokoak, galdera eta erantzun jokoak, mahai futbola…
Gure haurrak mugitzeko ezintasuna dauka; zer jostailu da egokia?
Beharrezkoa da haurrak jostailua kontrolatu ahal izatea, hau da, jostailuak sakagailuak ea botoiak erraz eragiteko modukoak izango ditu, piezak erraz lotzekoak izango dira, jolas egiteko aukera edo funtzio guztietara erraz iritsi behar da eta ez dute mugimendu azkarrik eskatu behar; baina, batez ere, haurrarentzat erakargarria eta dibertigarria izan behar da.
Zer jostailu da egokia ume txiki batentzat?
Bizitzako lehenengo hilabeteetan jaioberriak mundu osoa du deskubritzeko. Xurgatu, kosk egin, jo, manipulatu, tira egin eta horrelako ekintzak ariketa fisikoko jolasei lotutako ekintzak dira, eta horretarako aurkitzen ditugu sehaskako mugigarriak, taka-takak, ibilgailuak, musika jolasak, arrastatzekoak, manipulatzeko jolasak, etab.
Jostailuen aholkularitza pedagogikoa, 11 urte eta helduagoentzako oparitan asmatu
(PDF fitxategia, 1,6 Mb)
Internet eta telefonia mugikorran aholkularitza pedagogikoa, oparitan asmatu
(PDF fitxategia, 2,6 Mb)
Internet eta telefonia mugikorran aholkularitza pedagogikoa, oparitan asmatu
(PDF fitxategia, 2.6 Mb)
Actualidad Económica-k InfoJuego 2009 aukeratu du "Urteko Ideiarik Onena" sariketako onenen artean, sarien hogeita hamaikagarren edizioan
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa