Kimikako Elkarte Amerikarrak arto-krispeten balio antioxidatzaileari buruz zabaldu duen berriak —polifenoletan aberatsak dira— pentsarazten digu krispetak aperitibo aberats, kurruskari eta osasuntsua direla. Hala ere, oinarri nutrizionala eta osasungarria aldatu egiten da krispeta-motaren arabera (ale naturalak izan ala komertzialak, mikrouhinetarakoak) eta elaborazio-ongarrien arabera. Bestalde, aperitibo horren ekarpen nutrizional osasungarria baldintzatu eta desitxuratu egiten da zera eginez gero: olio gehiegi erabili zartaginean salteatzeko, gurina erabili olioaren ordez zapore handiagoa lortzeko, behar baino gatz gehiago bota edo kontrapuntu gozoa emateko azukrea edo eztia erantsi.
Krispetak: aperitibo osasungarria, ñabardurekin
Krispetak lehertzen den arto-barietate berezi batetik lortzen dira: tenperatura altuetan berotzen denean, arto hori krispeta bihurtzen da. Elikagai gisa, 100 gramo krispetak kaloria nahiko gutxi dituzte (370 kcal/100 g); beraz, aperitibo ona baina energetikoa da, eta, ondorioz, neurriz jan beharrekoa.
Mantenugaiei dagokienez, eta kantitate horretan, krispetek karbohidratoak (60 gramo), proteinak (10 gramo), mineralak (fosforoa, magnesioa, potasioa eta sodioa, azken hori gozagarri gisa botatzen zaion gatzaren arabera) eta bitaminak (B taldekoak) dituzte. Aperitibo honen inguruan egin diren azken ikerketek nabarmentzen duten alderdi bat polifenolen ekarpena da. Polifenolei eta karotenoidetan duten eduki garbiari esker, antioxidatzaile-dosi egokiko zizka-mizka bat dira.
Krispeten gantz-kantitatea asko aldatzen da: 4 g/100 g izan ditzakete oliorik gabe (edo pixka batekin) prestatzen badira, eta 8 aldiz gehiago (30,2 g/100 g) koipe asko eransten bazaie (olioa edo gurina) edo mikrouhin-labean prestatzeko krispeta komertzialak aukeratzen badira. Krispeta naturalek ez dute batere kolesterolik, non eta prestatzeko gurina erabiltzen ez den.
Haien balio energetikoa txikia ez denez, neurriz jan behar dira, bereziki gehiegizko pisua eta obesitatea izanez gero. Pertsona askorentzat arazoa da tentazio bat direla, eta horrek errazio osasungarria izan daitekeena baino gehiago jatera bultzatzen ditu. Beste aperitibo eta zizka-mizka batzuen aldean, krispetek ez dute glutenik, eta, beraz, zeliakia edo glutenarekiko intolerantzia dutenentzat egokiak dira.
Zartaginean ala mikrouhin-labean?
Ontziratuta eta ontzian bertan prestatzeko prest saltzen diren mikrouhinerako krispetak gaziagoak dira eta, marken arabera, osasungarriak ez diren gantzak dituzte. Krispeta hauen osagaiak artoa, koipea, gatza eta, gehienetan, gehigarri antioxidatzaileak izaten dira. Eransten zaien gantz-mota, landarezkoa izan arren, ez da beti osasungarria.
Osasungarria eta naturala etxean egindako krispetak jatea da, ale solteetatik, naturalean eta zartaginean eginak.
Batzuek palma-olioa dute, eta, ondorioz, aperitiboa gantz asetan aberats bihurtzen da eta, beraz, ez oso osasuntsu. Beste batzuetan, osasunari are kalte handiagoa egiten dioten koipeak eransten dizkiete: landare-olio partzialki hidrogenatuak (trans koipeak).
Krispeta horiek zenbat gantz eta nolakoak eta zenbat gatz duten, horrek adierazten du aperitibo osasungarri bat diren ala ez. Izan ere, mikrouhinerako ehun gramo arto-krispeta gatzdunek 500 kaloria inguru dituzte (zartaginean egiten badira baino 100 kcal gehiago); gantz-edukiari dagokionez, berriz, % 4 izatetik (arto-aleak duena) % 20-32 bitartekoa izatera pasatzen da, formatu horretan prestatzen eta kontsumitzen denean. Prestatutako produktuaren gatz-edukia handia da, % 1,3 eta % 2,6 bitartekoa, markaren arabera.
Krispetak zizka-mizka osasungarri bihurtzeko, etxean egitea da egokiena: bota arto-aleak oliba-olio tanta batzuekin igurtzitako zartagin bero-bero batera. Zartagina etengabe mugitzea komeni da, aleak erre ez daitezen. Lehertzen hasten direnean, jaitsi tenperatura eta segi zartagina mugitzen, eginda dauden arte. Gatz pixka bat gehitzea besterik ez da falta, zaporetsuagoak izan daitezen.
Estatu Batuetako Scranton Unibertsitateak berriki egindako ikerketa baten arabera, arto-krispetak polifenol antioxidatzaileen iturri dira. Vinson ikerketaren zuzendaria eta hainbat elikagairen osagai osasungarriak aztertzen aitzindaria da, hala nola kakao eta intxaurrenak, eta haren iritziz, polifenolak gehiago kontzentratzen dira arto-krispetetan, ur gutxiko produktua baita, fruta-kantitate berarekin alderatuta; izan ere, antioxidatzaileak uretan disolbatuta egoten dira, eta ura ugariagoa izaten da landareetan.
Ikerketak 300 miligramo polifenol aurkitu zituen krispeta-errazio bakoitzeko, 114 miligramo arto gozo errazio batean eta 160 miligramo, batez beste, fruta-errazio batean.
Hala ere, frutak eta krispetak hain desberdinak direnez konposizioan eta propietateetan, ez dira konparagarriak ez ordezkagarriak. Vinson-en arabera, “arto-krispetek ezin dituzte fruta eta barazki freskoak ordeztu dieta osasungarri batean. Frutek eta barazkiek bitaminak eta beste mantenugai batzuk dituzte, osasun ona izateko funtsezkoak direnak, eta arto-krispetek ez dauzkate”.