Asteko elikagai frijituen lau errazio edo gehiago kontsumitzeak lotura zuzena du gehiegizko pisuaren eta obesitatearen indize handiagoekin, Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Prebentiboaren eta Osasun Publikoaren Departamentuko Carmen Sayón ikertzaileak ondorioztatu duenez. Gainera, zazpi kopa garagardo edo likore edo gehiago edateak arazo horiek izateko aukerak areagotzen ditu.
Datu horiek SUN (Nafarroako Unibertsitatearen Jarraipena) proiektuaren barruan egin den azterlanetik atera dira. Espainian boluntario gehien dituen elikadura-azterketetako bat da. Azterketa horri esker, 9.000 graduatu baino gehiagoren elikadura- eta bizi-ohiturei buruzko datuak izan ditu Sayonek. Batez beste, 38 urte ditu, eta azken sei urteetan horien jarraipena egin da.
Lortutako emaitzen arabera, alkohola likore eta garagardo gisa kontsumitzea eta elikagai frijitu gehiegi jatea “pisu gehiago izatearekin lotzen da, ez, ordea, alkohol gutxiago kontsumitzearekin edo beste edari batzuk (ardo beltza, adibidez) izatearekin”, argitu du ikertzaileak. Ikertzailearen doktorego-tesian parte hartu duen lanak ez zuen desberdintasunik erakutsi alkoholak eta elikagai frijituek gizon eta emakumeen artean gehiegizko pisua handitzean duten eraginari dagokionez.
Edari alkoholdunen kontsumoak ahalik eta neurrizkoena izan behar du. “Egunean kopa bat baino gehiago ez emakumeen kasuan, eta bi baino gehiago gizonen kasuan. Eta, ahal bada, ardo beltz moduan”, azpimarratu du Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Prebentiboko saileko mediku berriak. Elikagai frijituen kasuan, Sayónek uste du ez dutela astean bi errazio baino gehiago egin behar. “Gainera, badirudi hobe dela jakiak oliba-olio birjinarekin frijitzea”, nabarmendu du.