Murtziako Eskualdea izan da ikastetxeek bete behar dituzten nutrizio-ezaugarriak arautzen dituen dekretu bat garatu duen Espainiako lehen erkidegoa. Arau horren helburua da ikasleen artean elikadura-ohitura osasungarriak sustatzea eta haurren obesitatearen aurkako borrokan laguntzea.
Dekretua joan den ostiralean onetsi zuen Gobernu Kontseiluak, eta ikastetxe publiko, pribatu eta itunduei eragingo die, eta hurrengo ikasturtetik aurrera jarriko da abian.
Orduz geroztik, ikastetxeek debekatuta izango dute kaloria-eduki handiko elikagaiak saltzea, hala nola opil industrialak, gozokiak, “snack” motako aperitiboak edo edari hiperkalorikoak. Neurria makina saltzaileetan zein ikastetxeetako lokaletan aplikatuko da.
Eskola-jantokietako menuek haurren adinaren arabera bete behar dituzten nutrizio-ezaugarrien deskribapena ere egiten du dekretuak. Programazio dietetiko hori nutrizioko adituek gainbegiratuko dute eta familiei helaraziko zaie, gurasoek ematen duten elikadura ikastetxeenaren osagarri izan dadin.
Erregulazio horren beste alderdi aipagarri bat da ikastetxeek menu alternatiboak eskaini ahal izatea dieta desberdina behar duten elikadura-intolerantziak edo gaixotasunak dituzten ikasleei. Etxean prestatutako janaria gurasoek ikastetxeetara eramateko ere balio du arauak. Halakoetan, ikastetxeek beren gain hartuko dute elikagaiak behar bezala zaintzea, berotzea eta zerbitzatzea.
Murtziako Eskualdeko Osasun sailburuak, María Ángeles Palaciosek, nabarmendu zuen arau horrek duen garrantzia; izan ere, kalkuluen arabera, gehiegizko pisuarekin arazoak dituzten haurren % 20 eta % 25 artean dago Erkidegoan. “Haurren obesitatea XXI. mendeko gaixotasuna izango da”, ohartarazi zuen Palaciosek.