Joan den ostiralean, Elena Espinosa Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak Nekazaritza Ekologikoaren III. Astea aurkeztu zuen Santiagon, ekoizpen ekologikoko elikagaiak sustatu nahi dituen ekimena. Oraingoan, batez ere, ikasleei eta, oro har, haurrei zuzenduta dago.
Nekazaritza Ministerioak adierazi du nekazaritza ekologikotik datozen produktuak merkatu nazionalean kontsumitzeak “gastu txikia” dakarrela oraindik espainiarren elikaduran. Horregatik jarri zen abian Nekazaritza Ekologikoko Produktuen Informazio eta Sustapenerako Kanpaina Nazionala. III. astea kanpaina honen barruan dago.
Haurrak dira hartzaile nagusiak. Txikienen artean elikagai ekologikoak sustatzeko, bideojoko bat sortu da. Kanpainaren web orrian deskarga daiteke.
Interneten gune honek ekoizpen ekologikoko elikagaien ezaugarriei eta erabilerari buruzko informazioa ematen die helduei. Aste hau ospatzeko programatutako jarduera guztiak ere biltzen ditu.
Nekazaritza Ministerioaren datuen arabera, Espainiak 900.000 hektareatik gorako ustiapen ekologikoko nekazaritza-azalera du, eta 19.000 operadore baino gehiago ditu. Gaur egun, ekoizpen ekologikorako azalera handiena duen Europako bigarren herrialdea eta munduko zortzigarrena da. Haren %70 Europara esportatzen da batez ere, Alemaniara, Herbehereetara, Frantziara eta Erresuma Batura.