Normalean eta ohituraz, otordu eta afarietan postre gisa sartzen den elikagai talde batekoa da fruta. Hori da jateko modurik tradizionalena, baina konbinazio eta errezeta ugari prestatzen dira elikagai horiekin. Sukaldeko liburuei begiratu bat eginez, plater ugari errezetak dira, batez ere entsaladak, fruta zatikatuak dituztenak. Fruta lehortuak, fruitu lehorrak edo frutarekin egindako saltsak eta pureak, batez ere, okelarekin edo arrainarekin egindako segundoekin laguntzen dira.
Dieta begetarianoan, frutadun bigarren plateren adibide batzuk hauek dira: arroz-kroketak anana-saltsarekin, “tempeh” platano frijituarekin, lekale- eta arroz-kauserak udare erreekin edo piper beteak mahaspasekin, besteak beste.
Entsaladetako osagaia
Entsaladetan frutak sartzen dira maiz osagaien artean. Sagarra, laranja, mandarinak, kiwia, anana, udarea, mangoa edo marrubiak dira prestakin horietan gehien erabiltzen diren frutetako batzuk. Barazkiekin nahasiz gero, are erakargarriagoak dira. Entsaladak egiteko, era guztietako osagaiak erabil daitezke: tradizionalenak (barazki gordinekin), lekaleak, pasta, patata eta arrozak.
Hona hemen adibide batzuk:
- Apio- eta laranja-entsalada. Askotariko letxugak, apio zuria, intxaurrak, laranja-zatiak, oliba berdeak eta beltzak nahasten dira. Tipulin-ukitu bat eman, eta oliba-olioarekin, limoiarekin, ziapearekin, perrexilarekin, gatzarekin eta piperbeltzarekin aliatu.
- Eskarola eta txikoria entsalada hur-ozpin-olioarekin. Eskarola, txikoria gorria eta laranjak dituen entsalada. Ozpin-olioarekin aliatzen da, hurra txigortuekin, soja-olioarekin, xerezko ozpinarekin eta gatzarekin.
- Eskarola udareekin eta gaztarekin. Eskarola letxugekin (letxuga gorria eta Tuterako kukuluak), udareekin, gaztarekin, intxaurrekin, gatzarekin, oliba-olioarekin eta sagardo-ozpinarekin nahasten da.
- Zitriko-entsalada. Entsalada honi, eskarolarekin eta intxaurrekin batera, mota guztietako fruta zitrikoak gehitu dakizkioke, pomeloa edo laranja, esaterako.
- Fruta tropikalen entsalada. Fruta tropikalek, hala nola kiwiak, aguakateak edo kirtenak, konbinazio ona osatzen dute letxuga, patata, arrautza egosia eta saltsa arrosarekin.
- Aza eta sagar entsalada jogurt saltsarekin. Ez da osagai gehiegi gehitu behar entsalada honi. Aza fresko pixka batekin, sagar azidoarekin, jogurt-saltsa naturalarekin eta tipulin-ukitu batekin nahikoa da.
- Leka-entsalada eta aguakatea. Barazki egosiekin frutak konbina daitezke, hala nola aguakatea eta patata egosiak, tomatea, azenario birrindua, soja-kimuak eta gari-zainzuri egosiak.
- Dilista-, sagar-, apio- eta letxuga-entsalada. Lekaleak oso gustagarriak dira entsaladan. Beste iradokizun bat soja-entsalada edo garbantzuak tipula, apio, sagar, uraza-kukulu eta bola-gaztarekin.
- Sagar eta anana entsalada. Nahasketa: arroza, anana naturaleko xerrak, sagarra, korintoko mahaspasak eta eskarola orriak.
Bestelako prestakinak
Fruta freskoak zein lehortuak zopetan, arroz-plateretan edo askotariko aperitiboetan ere erabil daitezke. Adibidez, datilez eta udarez betetako hostopilak edo apio- eta sagar-zopa hotz bat.
Bigarren platerak frutekin ere egin daitezke. Oso egokia da saltsa edo pure moduan jatea. Sagar-purea edo fruta lehortuen saltsak izaten dira, hala nola aranena edo pikuena. Osagai horietako edozeinek goarnizio gozoa osatzen du seitana, tofua edo ‘tempeh’ bezalako platerak laguntzeko.
Nahikoa da irudimen pixka bat konbinazioak egiteko eta oso plater gozagarriak eta, askotan, freskagarriak lortzeko. Gainera, CONSUMER eroski-k frutei buruzko gidaliburu oso bat jarri du erabiltzaileen eskura. Gida horretan, 40 errezeta baino gehiago aurki daitezke, eta fruta dute protagonista.