Madrilen aurkeztu berri den Serrano Urdaiazpikoaren Fundazioak kudeatuko du Europako Batasunak produktu horri emandako Espezialitate Tradizional Bermatuen (ETG) zigilua, eta kontretiketa baten bidez sustatuko du urdaiazpiko onduaren kontsumoa.
Kontretiketa horrek ETGren zigilua izango du, eta bi kalitate bereiziko ditu: zilarra, 8-11 hilabeteko sendaketa duten urdaiazpikoentzat, eta urrea, 11 hilabete baino gehiagoko sendaketa dutenentzat, Manuel Lamela Nekazaritza Ministerioko idazkariordeak parte hartu zuen Fundazioaren aurkezpenean esan zuenez.
Lamelak nabarmendu zuen borondatezko babes-erregimen horrek duen balioa kontsumitzaileen beharrak eta eskakizunak betetzeko, eta sektorearentzat duen garrantzia, ekoizpen-baldintzen gardentasuna, produktuaren balorizazioa eta elaborazio-sistema tradizional baten babesa baititu helburu. Banatzaileei gomendatu zien beren hornitzaileei eskatzea urdaiazpiko serranoak erakunde independente batek ziurtatuta egon daitezela; izan ere, “segurtasuna” emango die salmentan jartzen duten produktua “benetan serranoa” dela eta erregistratutako baldintza-orriko zehaztapenak betetzen dituela ziurtatzeko.