Nutrizionista adituek diotenez, adin goiztiarrean elikatze-jarraibide egoki batzuei jarraituz gero, digestio-arazoak saihets daitezke haurrengan, eta helduen etorkizuneko garapena prebeni daiteke. Elikadura orekatuak eta bizimodu osasuntsuak idorreria, beherakoa, sabeleko mina eta gasak prebenitzen dituzte, hestearen funtzionamendu egokiari laguntzen diotelako. Oro har, horrelako eragozpenak ez daude inolako gaixotasunekin lotuta, baizik eta dieta desegokiaren, janari-ordutegiak ez betetzearen, bizitza sedentarioaren edo ikasketei lotutako urduritasun-aldien ondorio dira.
Nutrizioa eta Osasuna programaren arabera, haurren ia %67k digestio-arazoak izaten dituzte, eta %25ek idorreria. Azaldu dutenez, arazo hori haurtzaroan gainditzeko eta helduaroan garatu ez dadin, elikadura orekatua izan behar da, zereal integralak, lekaleak eta egunean bost fruta- eta barazki-anoa erabiliz. Gogoan dute, halaber, ura behar bezala hartuz gero, hesteetako igarotzeak behar bezala funtzionatzen duela. Horretarako, dietan ere bifidusez hartzitutako esnekiak sartzea gomendatzen dute.
Bestalde, adituek ariketa moderatua egitea gomendatzen dute, heste-igarotzea erregulatzen laguntzen duena eta urduritasuna arintzen duena. Bizitza sedentarioak, telebista, ordenagailua edo bideo-kontsolak gehiegi erabiliz gero, digestio-arazoak sor ditzake.