Imagen: elena Elikadura obolaktobegetarianoa duten pertsonek esnekiak, arrautzak eta barazkiak ere sartzen dituzte beren dietan. Hala ere, kasu batzuetan ez da hala izaten: begetariano hertsiak edo beganoak, landare-jatorriko elikagaiak bakarrik kontsumitzen dituztenak, edo arrautzari alergia diotenak. Egoera horietan, tortilla konbentzionalak ez dira dietaren parte. Hala ere, hainbat elikagai konbinatuz, tortilla tipikoen antzeko platera lor daiteke. Sukaldaritzako truku hori plater gozo hori elikaduran sartzeko modu egokia da, eta, ondorioz, jaki hori aberatsagoa eta askotarikoagoa da.
Nola egiten dira?
Arrautzarik gabeko tortilla prestatzeko, ohiko tortilla prestatzeko urrats berberak egin behar dira. Alde bakarra da arrautzaren ordez garbantzu-irina eta ura nahasten direla. Patata-tortilla modu horretan prestatu nahi bada, patata frijitzen den bitartean, beste ontzi batean garbantzu-irina eta ura nahastu, irabiatutako arrautza baten antzeko testura lortu arte. Ondoren, gatz pixka bat bota eta irabiatu. Patatak frijituta daudenean, olioa kendu eta aurretik egindako nahasketa gehitu besterik ez dago.
Tortilla frantsesa egin nahi bada, prozesua ohikoa bezain erraza da. Hau da, zartaginera olio pixka bat bota, eta, ondoren, arrautzaren ordezko nahasketa gehitu. Noizean behin bueltak eman, erre ez dadin eta barrualdea ondo eginda gera dadin. Tortilla apurtu ez dadin, zartaginetik atera eta berehala uztea komeni da.
Tortilla original horiekin batera, era askotako elikagaiak har daitezke: tomate-saltsa, kalabazina, tipula, azenarioa, piperrak, edozein barazki eta barazki frijitu edo salteatu, edo perrexil pixka bat, besteak beste. Horrela, tortillei kolore-ukitu atsegina emateaz gain, zukutsuago geratzea lortzen da. Tortilla horiek garbantzua ez bezalako irinekin ere egin daitezke, adibidez, gari-irinarekin, artoarekin edo arrozarekin, baina irin horiekin lortzen diren emaitzak ez dira hain onak izaten.