Gosarian maiz hartzen diren kakao-disolbagarriek oso kakao gutxi dute, eta, beraz, txokolatearen nutrizio-balioa oso bestelakoa da. Gure gosarietan eta meriendetan hain ohikoak diren produktu horien osagairik garrantzitsuena sakarosa (azukre arrunta) da; kakao-hauts deskoipeztatua, berriz, bigarren edo hirugarren osagai garrantzitsua da, marka komertzialaren arabera %20-25 ingurukoa. Gainera, produktu horietako batzuek irinak edo fekulak, laktosa eta landare-olioa gehitzen dituzte.
Kakao-disolbagarrizko 10-20 g duen esne osoko katilu batek (200 mL) 200 kaloria inguru ematen ditu. Beraz, elikagai energetikoak dira (400 kaloria inguru 100 gramoko), oso hezetasun txikia dutelako (%2) eta mantenugai nagusia karbohidratoak direlako (%86); proteinak, berriz, %7 inguru dira eta gantzak %3 inguru. Kakaoarekin egindako prestakin horiek, gainera, “teobromina” dute, nahiz eta oso kantitate txikitan (0,30 eta 0,43 parte milioiko), kakaoaren substantzia bereizgarria, eragin estimulatzaile ertaina duena.
Ondorio gisa esan daiteke elikagai horien abantaila nagusia dela zapore naturala baztertzen duten haurrei esnea egoki ematen zaiela bermatzea. Hori dela eta, gosari eta askarietan interes handiko osagarritzat har daitezke, eta, aldi berean, energia gehiago ematen dute.