
Mercè Planas Medikuntza eta Kirurgiako doktorea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Vall d’Hebrongo Unibertsitate Ospitaleko Eskolako eta Nutrizio eta Dietetika Unitateko irakasle eta koordinatzailea da, hurrenez hurren. Aldi berean, elikadura klinikoan espezializatutako Espainiako eta nazioarteko erakundeetan aritzen da irakasle gonbidatu gisa. Nutrizio Parenteral eta Enteraleko Espainiako Elkarteko (SENPE) Zientzia eta Hezkuntza Batzordeko kide gisa, erreferentziako azterlana koordinatu zuen, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearekin adostua, “Adinekoen nutrizio egoeraren balorazioa” gaiari buruzkoa. Aditu entzutetsuek sinatutako gida bat da, osasun arloko langileei laguntzaeraginkortasunez egiteko tresnak eman nahi dizkiena. Nutrizio klinikoko unitateei ez ezik, nutrizio-zainketak behar dituen gaixo bat dagoen lekura ere iritsi nahi du ikerketak. Hain zuzen, Planasek deigarri egiten du adineko pertsonen desnutrizio-egoera, eta populazio-sektore horretan talderik ahulena (zahar ahula) hautemateko beharra azpimarratzen du.
Oxfordeko Unibertsitateak “American Journal of Clinical Nutrition” aldizkarian argitaratu duen azterlan baten arabera, hamar urtez 1.648 lagunek hartu dute parte, eta, horri esker, egiaztatu ahal izan da pertsona helduek B12 bitaminaren urritasuna izateko joera dutela, azidotasun gastrikorik ez dutelako, eta, tratatu ezean, anemia bat eragin dezake, eta anemia horrek, aldi berean, dementzia bat sortzen edo eragiten du. Mercè Planasen arabera, ikerlanaren garrantzia honako honetan datza: “agerian jartzen du B12 bitaminak, eta ez folatoek, gaitasuna duela dementzia prebenitzeko”.
Horrela, eta umeei D bitaminaren dosia egunero errezetatzen zaien bezala eta haurdun daudenei azido folikoaren gehigarriak ematen zaizkien bezala, galdera hau sortzen da: adin jakin batean B12 bitamina ere hartzea komeni den ala ez. Zenbait autorek iradokitzen dute, Planasek dioen bezala, agian 70 urtetik gorako pertsonen dietan B12 bitamina 1 mg/egun gehitu beharko litzatekeela. Hala ere, eta urritasun-arazoa gastritis atrofikoa duten eta hesteetan B12 bitamina xurgatu ezin duten adineko pertsonengan aurki dezakegunez, azterketa gehiago egin behar dira osagarri hori ohiko moduan gomendatu baino lehen, dio Planasek.