Organismoaren energia- eta elikadura-beharrak hartzen ditugun elikagaien bidez estaltzen ez direnean, desnutrizioa agertzen da. Horren agerpen nabarmenetako bat pisua nabarmen galtzea da, behar adina proteina (haragia, arraina, arrautzak, esnea eta deribatuak) eta/edo energia (karbohidratoak eta gantzak) ez dituelako hartzen.
Desnutrizioaren arrazoia digestio-organoen ezintasun funtzionala ere izan daiteke, dela urdaila, pankrea, gibela edo hestea, mantenugaiak emango lituzketen entzima nahikoak bereizteko, dela organismoak berak elikagaien mantenugaiak xurgatu eta metabolizatzeko duen ezintasuna. Zenbait alderdi indibidualek ere eragiten dute, hala nola medikazioak edo faktore psikologikoek (gogo-aldarteak), eta, horren ondorioz, ezinbestekoak diren elikagai batzuk baztertzen dira edo jan behar dena ez da jaten.
Orientazio dietetikoak
Desnutrizioaren diagnostiko zehatza egiteko klinikan jarraitzen den protokoloak hiru irizpide ditu:
- Azken hiru hilabeteetan ohiko pisuaren %10 baino gehiago nahi gabe galtzea.
- Altuerarako pisu idealaren %90etik beherako gorputz-pisua.
- Gorputz-masaren indizea <shortcode GMI = Pisua (kg)/ altuera (metro)2 end="“18,5 baino txikiagoa.
Herrialde garatuetan, gaixotasunen prebalentzia handiena nutrizio-gehiegikeriek eragiten dutenean, desnutrizio-kasuak ere ikusten dira, eta, neurri handi batean, ospitaleetan. Malnutrizioak ospitalean duen eraginari buruz ‘British Medical Journal’ aldizkarian argitaratutako azterlan batean, pazienteen %46 zainketa orokorretatik datoz; pazienteen %45ek arnas gaixotasunak dituzte, eta adineko pertsonen %43 malnutrizio-egoeran zeuden ospitaleratu zituztenean.
Nutrizioa desnutrizioaren kasuan terapiaren funtsezko osagaia denez, kasu horietan, balio energetiko handiko elikagaien eta elikagai proteikoen kontsumoa handitzeko izango da jarraibide dietetikoa. Saihestu egin behar dira produktu gaingabetuak, light erakoak edo kaloria gutxikoak, bai eta nutrizio-balio eskasa ematen duten elikagaiak ere (entsaladak, koiperik gabeko saldak edo infusioak, besteak beste). Elikagaiak zenbait hartualditan banatzea, hartualdi bakoitzaren bolumena murriztuz, elikagaiak errazago kontsumitzeko estrategia ere bada.
Plater hiperkalorikoak
Nutrizio-terapiaren helburua menu hiperkaloriko eta hiperproteiko bat diseinatzea da, indarberritzea azkartzeko. Jateko gogorik eza elikatu gabeko pertsonen ohiko sintoma izaten denez, kalorietan kontzentratutako plater eta aperitiboak planteatu behar dira, ez ahalegin handirik eskatzen ez dutenak, ez murtxikatzeko, ez digeritzeko. Hona hemen iradokizun batzuk:
- Gaineratu zopak, kontsomeak, kremak eta pureak, gazta birrindua, esne osoa eta/edo hautsa, esne-gaina edo krema, landare-olioak, margarina edo gurina, ogi frijitua, lekaleak, arroza, haragi xehatua, hestebete zatikatuak, arrautza irabiatua eta arrautza gogor zatitua.
- Nahastu barazki-platerak eta entsaladak gaztarekin, arrautza gogorrarekin, maionesarekin, atunarekin, fruitu lehorrekin, mahaspasekin, olibekin, aguakatearekin. Adibidez, espinaka-budina pinaziekin edo azenarioekin eta ganbekin. Salteatu barazkiak eta erabili sofritoak, bexamela, saltsa arrosa, tartariarra. Lekale hotzek oso ondo konbinatzen dituzte mota guztietako entsaladak eta barazki batzuk, hala nola garbantzu-entsalada arrozarekin eta txanpinoiekin, edo babarrun zurien entsalada eta izokin ketua.
- Jateko gogorik ez badago, plater berezi osoak egin; adibidez, dilistak haragi-albondiga txikiekin, purea oilaskoarekin edo arrainarekin.
- Edariak aberastea edo irabiaki kontzentratuak egitea: esnea izozkiarekin eta fruitu lehorrekin, esnea kakaoarekin eta arrautza-gorringo bat, jogurta eta petit suisse irabiatua.