
Rosa Maria Raich, Psikologian doktorea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedraduna (UAB), elikadura-nahasteei buruz gure herrialdean egin diren azterketa garrantzitsuenetako batzuen egilekidea da. Azkena, 2007koa eta Madrilen egina, datu kezkagarria eman zuen: elikadura-arazoak dituzten nerabeen heriotza-tasa %5,5ekoa da. Bere jarduera profesionala eremu kliniko eta unibertsitarioan zentratzen duen bitartean, Raichek, David Sánchez Carracedo eta Gemma López Guimerà irakasleekin batera, eskuliburu berri bat argitaratu du. Eskuliburu horretan, hezkuntza eta prestakuntza dira elikadura-nahasteei aurre egiteko tresna itxaropentsu eta baliotsuenak. “Elikadura, eredu estetiko femeninoa eta komunikabideak” Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako gida da, haien elikadura-ohituren arduradun izan daitezen zentzu kritikoa emateko.
Elikadura-nahasteei buruz informatzeko, prestatzeko eta sentsibilizatzeko beste bide bat da sarea. Raich-en arabera, Internetek “positibotik negatibotik baino gehiago” du eremu horretan, nahiz eta azken urteetan 350 orrialde baino gehiago itxi diren anorexia eta bulimia pizteko. “Horrelako arazoak dituzten pertsonen arteko topaketa birtualak oso positiboak izan daitezke”, dio adituak. Onura hori ez da soilik kontseilua jasotzen duenarentzat, “ematen duenarentzat” ere bai. Arrakastaren gakoa izan liteke antolatzen jakitea, halako moldez non “arazoren bat gainditu duen pertsonak eredu estetikoaren kritika gomendatu ahal izango baitu, adibidez, oraindik oso indarberrituta ez dagoen beste pertsona bati”. Horrek fenomeno kognitibo bat azalduko luke, zeinaren arabera “aholkuak ematen dituen pertsonak azkenean hartzen baititu”. Elikadura-nahasteen arloan erabilgarria den baliabide psikologikoa da.