Aste honetan, ehunka adituk hartu dute parte Pueblako Estatuan (Mexikoko zentroan), ‘Slow Food’-ren Nazioarteko V. Biltzarrean. Lehenengo aldiz egin da Europatik kanpo.
Topaketa hau tokiko gastronomiari balioa emateko egin da, janari lasterraren bultzadaren aurrean. Mexikoko ‘Slow Food’ mugimenduaren ordezkariek eskatu dute Mexikoko produktu tradizionalak, janari lasterra nagusi delako desagertzeko arriskuan daudenak, munduko gastronomiaren baluartetzat har daitezela.
Elikagai horien artean nabarmentzekoak dira arto urdina, arto gorria, txile poblanoa, chia, nopala, tuna, ayokotea, aguakatea, txapulinak (saltamonte frijituak), pulkea eta mezkea, baita kakaoa ere.
Kongresuko plater nagusia ‘ixkimoll’ izan zen (arto gorri eta minarekin egina), eta indigenek buztinezko kazoletan prestatu eta zerbitzatu zuten.
Slow Food elkartea 1989an sortu zen Italian, eta gaur egun 80.000 kide ditu mundu osoan. Bere helburu nagusia plater tradizionalak janari lasterraren aurrean defendatzea da.