Haurra lo lasai-lasai dagoela, bat-batean eta itxuraz arrazoirik gabe, negar batean hasten da, baina lo jarraitzen du. Haurraren loaren nahaste horrek gurasoen eta txikiaren atsedenari eragiten dio, baina ez da oso kezkagarria, berezkoa izaten baita eta desagertu egiten baita haurra heldu eta hazi ahala. Artikulu honetan, haur txikien loaren nahasmenduen nondik norakoak eta esnatu gabe negar egiteko arrazoiak azaltzen dira. Era berean, adituen gomendioak ere biltzen ditu, gaueko esnatze horiek gertatzen direnean gurasoek jakin dezaten nola jokatu behar duten eta zer egin dezaketen maizegi ez gertatzeko
Loaren gorabeherak haurtxoetan
Haurraren loa da gurasoak gehien kezkatzen dituen gaietako bat, eta pediatrari kontsulta egiteko arrazoi ohikoenetako bat. Izan ere, haurraren atsedenak edo atsedenik ezak, haurraren gogoan eta portaeran asaldu ugari eragiteaz gain, gurasoen ongizateari ere eragiten dio ezinbestean. Kalkuluen arabera, haurraren bizitzako lehen urtean “gurasoek 400-750 lo-ordu galtzen dituzte”. Hala jasotzen du Osasun Ministerioak argitaratutako Guía de Práctica Clínica sobre Trastornos del Sueño en la Infancia y Adolescenciak. 6 eta 11 hilabete bitarteko haurren % 53,3 eta 1 eta 6 urte bitarteko haurren % 46,6 gutxienez astean hiru gautan esnatzen dira
Kasu batzuetan, loaren nahasmendu hori loak hartzeko zailtasunarekin dago lotuta, baina, beste batzuetan, arazoa haurra lokartu denean gertatzen da. Gonzalo Pin pediatra etaHaurren Loaren Valentziako Unitateko zuzendariaren taldeak (UVSI) egindako inkesta baten arabera, 6 eta 11 hilabete bitarteko haurren % 53,3 eta 1 eta 6 urte bitarteko haurren % 46,6 gutxienez astean hiru gauetan esnatzen dira.
Lotan negar egitea
Gaueko esnatzeak arinak izan daitezke, negar-zotin edo intziri soil bat, haurrak itxuraz lotan jarraitzen duen bitartean. Loaren fase normalak dira, eta haurraren heltze-prozesuaren parte dira. Baina beste batzuetan, negarra iraunkorragoa eta larriagoa da, eta haurrarengan asaldu handiagoa eragiten du. Gaueko izu-ikara edo nahasmendu-esnatze esaten zaio horri, eta “loaren mozkorraldi” ere deitzen zaio.
Bietan ere patroi bera errepikatzen da Gurasoek umeari erreparatzen diotenean, konturatzen dira negarrez edo asaldatuta egon arren haurrak lo segitzen duela. Azalpena da nahaste hori haurraren ez-REM fasean agertzen dela, hau da, haren loa sakonena denean. Hori dela eta, haurra ezin da erabat esnatu eta gertatzen denaz erabat jabetu.
Haurra asaldatuta, nahastuta edo izututa egon daiteke, eta ez da kanpoko estimuluei erantzuteko gai. Gaueko izu-ikarei dagokienez, gertakari horrek gutxi iraun ohi du, minutu batzuk besterik ez; ondoren, haurtxoa lotan geratzen da berriro. Hala ere, nahasmendu-esnatzeetan, “ohikoena bost eta hamabost minutu bitartean irautea da”, eta, kontsolatzen saiatzean, “sintomak okerragotu eta gertakaria luzatu egiten da”, diote loaren nahasmenduei buruzko gidako lantaldeko adituek.
Gurasoentzako aholkuak
Espezialistak bat datoz esatean gaueko izu-ikarak eta haurrak gauez lotan negar egitea eragiten duten nahasmendu-esnatzeak nahasmendu onberak direla, eta ez dutela inolako tratamendurik behar, denborarekin desagertu egin ohi baitira. Aholku nagusia da gaueko gertakari horietan ez saiatzea haurra esnatzen; hobe da ondoan isilik egotea eta lasaitzen den arte itxarotea.
Horrelakoetan haurra ez esnatzea da aholku nagusia
Esnatze horiek berez gertatzen diren arren, batzuetan kanpoko estimulu batzuek eragin ditzakete, hala nola zaratek edo ohean gorputzaren jarrera aldatzera behartzeak. Horregatik, komeni da ahal den neurrian aldaketa horiek saihestea.
Halaber, garrantzitsua da haurraren atsedenari dagokionez ohitura egokiak izatea. Hona hemen gurasoek kontuan hartu behar dituzten jarraibideetako batzuk: beti ordu berdintsuan oheratzea, bakarrik lo egiten irakastea eta lotaratzeko ekintzaren inguruan erritu bat sortzea. Horri dagokionez, Gonzalo Pinek egunean zehar lotaldi txikiak egitea gomendatzen du, “gaueko loa hain sakona izan ez dadin”.