Etxetik hurbil dauden eremuak edo aldameneko etxolak landare batzuk sartzeko aprobetxatzea eta, horrela, eremu triste samar bati kolorea ematea ideia ona da. Baina aleak ahalik eta ondoen non dauden aztertu beharko da, leku ilun samarrak izan baitaitezke, eraikinak berak estali baitezake eguzkia egunaren zati handi batean.
Lurraz, lurzoruaren baldintzez, eguzkitan egoteaz eta eraikinekiko distantzia egokiak gordetzeaz gain, kanaloiak ere kontuan hartu behar dira.
Normalean, etxe guztiek dituzte kanaloiak, baina kanpoko etxolek ez dituzte; beraz, eremu hezeetan, paretatik 25 bat zentimetrora, zoruan, gune lizun bat sortzen da, eta horren gainean erortzen da ura etengabe, eta han landatzen den guztia hondatzen da. Erretenak buxatuta edo galerak dituzten etxeetan ere gauza bera gertatzen da.
Erretenen egoerari erreparatzea komeni da, baldin eta etxeko paretetatik gertu zerbait landatu nahi bada, ura erortzen den lur guztiak ez baitu balio laborantzarako. Etxeak erretenik ez badu, paratu egin beharko ditu eta ongarriak aplikatuz lurzorua berreskuratzen saiatu. Halaber, komeni da hodiak buxatuta ez daudela egiaztatzea eta noizean behin garbitzea, ura gainezka egin ez dezan eta landareak normaltasunez garatzea eragotz dezan.