Etxetresna elektriko bat martxan jartzen den bakoitzean, argiaren faktura handitu egiten da. Energia-etiketak aparatuen eraginkortasun-maila adierazten du, erositakoan kontsumitzaileak jakin dezan zein diren kontsumoan gehien aurrezten dutenak. Hala ere, gastatzen dena ezagutzeko beste modu batzuk ere badaude: watt-neurgailu bat erabiltzea.
Argiaren hurrengo faktura zenbatekoa izango den jakitea edo gastu hori watt-en neurgailu batekin kontrolatzea posible da. Horien bidez, sare elektrikora konektatutako edozein gailuk zenbat kontsumitzen duen jakin daiteke: ordenagailu batek, hozkailu batek, telefono mugikorraren kargagailuak… Energia gehien gastatzen den uneak ezagutzeko balio dute, eta gehien xahutzen duten etxetresna elektrikoak salatzen dituzte.
Neurgailu batzuk programatu daitezke txistu bat emititzeko gastu jakin bat gainditzen denean
Neurgailu batzuek euro bihurtzen dute energia-kontsumoa, tarifa elektrikoaren arabera, eta gastu jakin bat gainditzen denean txistu bat emititzeko programa daitezke. Argiaren kontagailua irakurri ordez, wattmetroak dira tresna baten edo etxean instalatutako aparatu multzoaren kontsumoa neurtzeko modurik errazena.
Funtzionatzeko, watt-en neurgailuak ohiko entxufe batera konektatzen dira, eta kontrolatu nahi den etxetresna elektrikoa, berriz, neurgailura konektaturik geratzen da (horretarako berariazko sarrera du). Energia kontsumitzen den bakoitzean, wattmetroan islatzen da. Gastua etengabe eguneratzen da. Gailu baten kontsumoa eta etxeko sare osoarena neur daitezke. Neurgailu analogiko edo digitalen hainbat eredu daude.
Eredu sofistikatuak
Etxerako neurgailu bat aukeratzean, eredu tradizionalen, lerro errazen edo diseinuzko benetako pieza sofistikatuagoen artean aukera daiteke. Biek kontsumitzen diren wattak neurtzen dituzte, baina azken horiek indarra hartzen dute dekorazioan.
Neurgailu batzuek wireless bidezko kontsumoa erregistratzen dute edo gastua kalkulatzen dute etxetresna elektrikoaren kablearen bidez
Wattson energia-neurgailua da proposamenetako bat. Eredu horrek lau asteko datuak gorde ditzake, aldikako gastua konparatzeko. Gailua sare nagusira konektatzen da eta etxeko edozein tokitan wireless bidez (kablerik gabe edo haririk gabe) egiten den kontsumoa jasotzen du.
Beste diseinu berritzaile bat Saverclip-en brote-motako formatua da, Red Dot 2007 nazioarteko diseinuaren saria lortu zuen neurgailua. Nahikoa da aparatuaren kablea pintzaren barruan jartzea LCD pantaila moderno batean kontsumitzen duen energia irakurtzeko.