Europako Batzordeak oniritzia eman dio Espainiako Gobernuak 2010eko aurrekontu-defizita murrizteko hartutako doikuntza-planari. Hala ere, doikuntza fiskalerako neurri gehigarriei buruzko xehetasun gehiago eskatu ditu, 2011rako BPGaren % 1,75i dagozkionak. Europako Erkidegoko Gobernuak 2010-2013 eperako Espainiako Egonkortasun Planari buruz gaur egin duen ebaluazioaren ondorioaren arabera, defizitaren helburu berriak “behar bezala asmo handikoak dira eta funtsezko zerga-kontsolidazioa eskatzen dute”.
Defizita murrizteko Espainiako planaz gain, Bruselak Portugal, Irlanda, Italia, Belgika, Txekiar Errepublika, Alemania, Frantzia, Herbehereak, Austria, Eslovenia eta Eslovakiako doikuntza-planak aztertu ditu. Gure herrialdearen kasuan bezala, Europako Batzordeak uste du defizita “murrizteko ekintza eraginkorrak” hartu dituztela, baina 2010etik aurrera murrizketa-helburuak lortzeko neurriak lehenbailehen zehaztera “gonbidatzen” du.
Ekonomiako ministro espainiarrak, Elena Salgadok, maiatzaren hasieran jakinarazi zuen 15.000 milioi gehiago murriztu zirela gastu publikoan 2010ean eta 2011n, eta, oraingoz, % 5 jaitsi direla batez beste enplegatu publikoen soldatan, datorren urtean pentsioak izoztu egingo direla, eta zenbait laguntza-onura berandu aplikatuko direla. Horrekin, aurreikuspenen arabera, defizit publikoa BPGaren %11,2tik (aurten amaituko da) %3ra (2013an) igaroko da.
Pentsioen edo lan-merkatuaren erreforma ez da neurri-multzo honen zati, baizik eta neurri zabalago baten zati, Espainiako finantza publikoen epe luzeko bideragarritasuna erraztu eta ekonomia nazionalaren lehiakortasuna eta egoera ekonomikoetara egokitzeko gaitasuna hobetu nahi dituena.