Bartzelonako epaile batek epaia eman du; horren arabera, disko birjinak (CD) ekoizten dituzten enpresek egile-eskubideak ordaindu behar dituzte. Ebazpen guztiz berria da, eta enpresa bat kondenatzen du Autoreen Sozietate Orokorrarekin (SGAE) 1997tik 2000ko irailera bitartean egindako ordainketak egunera ditzan, kudeaketa-erakunde honek atzo jakinarazi zuenez.
Bartzelonako Lehen Auzialdiko 22. Epaitegiak osotara onetsi du SGAEk CD birjinak merkaturatzen dituen enpresa baten aurka jarritako demanda. Enpresa horrek ez zien egileei ordaintzen legeak ezartzen duen kopia pribatuagatiko ordainketa-eskubidea.
2002ko urtarrilaren 2an eman zen epaia, Espainian eman den lehena da CD birjinetan egile-eskubideei buruz, eta Traxdata enpresak kopia pribatuaren kanona ordaindu behar du 1997tik 2000ko irailera bitartean saldutako CD-R guztiengatik.
Kopia pribatua da Espainiako legeak audio- eta bideo-euskarri birjin grabagarriak erabiltzeagatik ezartzen dituen egileen konpentsazioa. Enpresek 30 pezeta (0,18 euro) ordaintzen diete sortzaileei audio euskarrietan grabatzen emandako ordu bakoitzeko, eta 50 pezeta (0,3 euro) bideoan grabatzen bada.