Lan agentziek ematen dituzten zerbitzuak doakoak izanen dira langileentzat, langabe guztiak artatu beharko dituzte eta enpleguan tratu berdintasuna eta bereizkeriarik eza errespetatuko dituzte. Horrela ezarri da Ministroen Kontseiluak onetsitako Errege Dekretuan. Araudi berri horrek araubide juridikoa eta prozedurak ezartzen ditu, enplegu agentziek bitartekaritza lanetan lagundu ahal izan dezaten enplegu zerbitzu publikoekin, bitartekaritzaren izaera publikoa zainduz.
Lan agentzien arauketaren helburua lan merkatuaren funtzionamendua hobetzea da, bitartekaritzako agente publiko eta pribatuen arteko koordinazio eraginkorrago baten bidez. Horrekin, “langabetuek lanpostu bat eskuratzeko aukera gehiago izango dituzte”, esan zuen Lan eta Immigrazio Ministerioak.
Valeriano Gómezek zuzentzen duen sailaren helburua da enplegu-agentzia indartsu eta eraginkorrak izatea, Enplegu Zerbitzu Publikoa indartzearekin batera, lan-eskaintzak eta -eskariak modu eraginkorragoan ezkontzen laguntzeko.
Enplegu agentziak publikoak edo pribatuak izan daitezke, eta Enplegu Zerbitzu Publikoekin bitartekari lanak eginen dituzte lankidetza hitzarmenen bidez edo modu autonomoan, baina haiekin koordinatuta. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak edo autonomia erkidegoetako zerbitzu baliokideak baimendu beharko du haren funtzionamendua, jarduera garatzen duen zentroaren edo zentroen kokapenaren arabera. Laneko bitartekaritza, orientazioa, informazio profesionala eta langileen hautapena egiten ahalko dituzte.
Errege Dekretua Gobernuak lan-bitartekaritza hobetzeko duen helburuaren barruan kokatzen da. Helburu hori da enplegu-politika aktiboen erreformaren ardatzetako bat, eta horrekin batera, pertsona landunen eta langabeen orientazio eta birziklatze profesionala.