Gobernuak akordio bat onartu du, eta, horren bidez, enpresa-sektore publikoko eta beste erakunde batzuetako arduradun eta zuzendari nagusien ordainsari-erregimena arautzen duen errege dekretuaren proiektuari buruzko presako irizpena eskatzen dio Estatu Kontseiluari. Errege dekretu horretan, enpresa-sektore publiko osoko soldataren %25 eta %30 arteko murrizketa ezartzen da, enpresa-motaren, negozio-bolumenaren eta langile-kopuruaren arabera, besteak beste. Soraya Sáenz de Santamaría lehendakariordeak adierazi zuenez, neurri honen helburua da “ahalik eta austeritate eta eraginkortasun handiena lortzea bere jardunean eta sektore publikoaren funtzionamenduan”.
Bi printzipio horiekin batera, “gardentasun-printzipioa ere jasotzen da, erakundeei nahiz haien arduradun eta zuzendari nagusiei eskatzen zaiena, eta, hala, sozietate kotizatuek edo finantza-erakundeek betetzen dituzten gobernu onaren irizpideak aplikatzen dira”, erantsi zuen Sáenz de Santamariak.
Soldata-ordainsariak zehazteko, erakunde publikoak hiru taldetan sailkatuko dira, eta irizpide hauek hartuko dituzte kontuan: negozio-bolumena edo -zifra, sozietateko langile-kopurua, finantziazio publikoa behar den ala ez, inbertsio-bolumena edo jarduera garatzen duen sektorearen ezaugarriak. Horrela, 1. taldea osatzen duten entitateen antolaketa egiturak ezin izanen ditu hamabost kide baino gehiago izan, 2. taldekoenak hamabi eta 3. taldean sartzen diren erakundeenak bederatzi. “Antolamendu-egitura berriarekin sektore publikoko enpresetako kontseilari-kopurua ehuneko ehunean murriztuko dela kalkulatzen da”, dio Gobernuak.
Merkataritzako edo goi zuzendaritzako kontratuetan finkatu beharreko lansariak oinarrizkoak eta osagarriak izanen dira. Lehenbizikoan, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak erakundea dagoen taldearen arabera finkatuko duen nahitaezko gutxieneko ordainsaria jasoko da. Enpresa handienetako zuzendariek gehienez ere 105.000 euroko ordainsaria izanen dute. Erdibitzaileetan, gehieneko kota 80.000 eurokoa izanen da, eta txikietan, 55.000 eurokoa.
Oinarrizko soldata kopuru horri lanpostu osagarri bat gehituko zaio eta, hala erabakitzen bada, osagarri aldagarri bat, bi kasuetan ere Ogasun Ministerioak finkatuko duena. Osagarri horietako lehenak betetzen diren eginkizunen berariazko ezaugarriak ordainduko ditu. Kontuan hartuko dira kanpo-lehiakortasuna, erantzukizun-maila edo erakundearen barruan postuak duen pisu erlatiboa. Osagarri aldakorrak enpresa kudeaketako praktika onak sustatuko ditu eta sektore publikoak aldez aurretik ezarritako helburuen lorpenaren arabera zehaztuko da. Bai lanpostuaren osagarriak bai aldagaiak ezin izanen dute gainditu entitatea sailkatuta dagoen taldearentzat finkatutako gehieneko portzentajea. Ezarritako azken ordainsariak mota guztietako ordainsariak izanen ditu, gauzaz jasotzen direnak barne.
Lehendakariordeak baztertu egin zuen soldata-murrizketa horrek enpresa publikoetara pertsona prestatuenak iristea arriskuan jartzea. “Oreka bilatu nahi izan dugu, onenak etor daitezen ahalik eta ondoen egiteko, baina kontuan izanik gaur egun ezagutzen diren kopuruak ezin direla mantendu sektore publikoan, austeritate-garaia da”, esan zuen.