Hemendik aurrera, aseguru-konpainiek kalte-ordaina eman beharko diete zirkulazio-istripuetan hiltzen diren gidarien familiei, aseguratutako ibilgailuak berak bakarrik parte hartzen badu. Hala adierazi du Auzitegi Goreneko Lehen Salak emandako epai batek. Epai horrek ezetsi egin du aseguru-etxe batek jarritako errakuntza judizialaren demanda, Cuencako Probintzia Auzitegiak ezarritako kondenaren aurkakoa, auto bat galtzadatik atera eta zirkulazio-istripuan hildako gidari baten amari 1,2 milioi pezetako kalte-ordaina ematera zigortu zuena.
Aseguratzailearen asmoa zen Auzitegi Gorenak deklaratzea Probintzia Auzitegiak emandako epaiak akats judizial nabarmena zuela, haren esku-hartze bakar eta esklusiboak eragindako trafiko-istripu baten ondorioz hildakoaren amari kalte-ordaina ematera behartu baitzuen, kaltetua izateagatik. Eta hori, aseguratzailearen arabera, nahitaezko harpidetzako erantzukizun zibileko aseguruaren estalduratik kanpo zegoen. Auzitegi Gorenak, ordea, ez zuen onartu asmo hori, eta, gainera, kostuak ordaintzera kondenatu du aseguru-etxea, Europako Auto-gidari Elkartuak (AEA) erakundeak jakinarazi duenez.
AEAren iritziz, Auzitegi Gorenaren azken epai horrek onartzen du aseguru-etxeek kalte-ordaina eman behar dietela zirkulazio-istripuetan hildako gidarien familiei, aseguratutako ibilgailuak berak bakarrik parte hartzen duenean. Orain arte, Espainiako aseguru-etxeek uko egin diete zirkulazio-istripuetako kaltetuei kalte-ordainak ordaintzeari, eta, orain Auzitegi Gorenak epaitutakoa bezala, frogatuta geratu da haiek jasotzeko eskubidea zutela, AEAren arabera.
Gainera, kritikatu du Gobernu zentralak bere laguntza eman nahi izan diela aseguru-etxeei, joan den urtarrilean aseguru-araudi berri bat onartu baitzuen. Erregelamendu horretan, espresuki salbuesten dira nahitaezko harpidetza-aseguruaren estalduratik ezbeharra eragin duen ibilgailuko gidariaren lesioek edo heriotzak eragindako kalte eta galera guztiak, kasu hori legean jasota ez dagoenean.
AEAk auzitegian errekurritu du erregelamendu hori, Aseguruen Legearen aurka bakarrik ez doalako, istripu mota jakin bateko kaltetuen eskubideak larriki kaltetzen dituelako, hala nola, bere automobila beste ibilgailurik gabe bidetik ateratzen denean hiltzen diren gidari-familienak.
AEAk emandako datuen arabera, iaz 2.278 istripu hilgarri gertatu ziren Espainian, eta istripua izan duen ibilgailuak berak bakarrik hartu zuen parte. Istripu horietan, 1.741 gidari hil ziren.