José Luis Rodríguez Zapatero Gobernuko presidenteak atzo, nazioaren egoerari buruzko eztabaidan parte hartu zuenean, neurri-sorta berri bat iragarri zuen, bere hitzetan, “azken 50 urteetako ekaitz ekonomiko okerrenaren” aurka borrokatzeko. Zapaterok banan-banan aipatu zituen “langabeziaren igoera geldiarazteko” hemendik aurrera abian jarriko diren ekimenak, helburu nagusia horixe baita.
Ezagutzera eman zen lehen neurria bost puntuko jaitsiera izan zen Sozietateen gaineko Zergan enpresa txiki eta ertainentzat (ETE). Beherapen hori hiru ekitalditan aplikatuko zaie 25 langile baino gutxiago dituzten eta bost milioi eurotik beherako salmenta-bolumena duten enpresei, baldin eta beren plantilla mantendu edo hobetu dutela frogatzen badute.
Gainera, Zapaterok 1.000 milioi euroko gastu publikoaren murrizketa aurreratu zuen, otsailean onartutako 1.500 milioiekin batera.
Beste neurri nabarmen batek etxebizitzaren kenkariari eragiten dio. Exekutiboko buruak esan zuenez, 2011tik aurrera, 17.000 eurotik beherako errentak jasotzen dituztenek bakarrik izango dute etxea erosteko 9.015 euroko kenketa-muga. Soldata 24.000 eurotik gorakoa denean, kenkaria erabat galduko da.
Automoziorako laguntzak
Automobilgintza da zailtasun gehien dituen sektorea. Automobil-industriarako laguntzak hauek dira: Renove Plan berria, 600 milioi eurokoa, eta auto berria erosteko 2.000 euroko diru-laguntza, sektorearen beraren (1.000 euro) eta administrazio zentralaren eta autonomikoen (500 euro) artean.
Laguntza honen onuradunak partikularrak, autonomoak eta ETEak izan daitezke, desegiteko bakarrik erabiltzen den beste ibilgailu bat ordezteko ibilgailu bat erosten badute. Erosten den autoaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da, zergak barne, eta kontsumitzaileak aukeratu beharko du VIVE Planari edo zuzeneko laguntza honi heldu.
Era berean, VIVE plan berri bat onartuko da 10 urtetik gorako autobusak ordezkatzeko, eta “txeke edo garraio-bonu” berri batera zabalduko da “jatetxe-txekearen” tratamendu fiskala. Horrek garraio publikoaren kostuaren %24 gutxitzea ekarriko du, programan parte hartzen duten enpresak dituzten langileentzako.
Halaber, oniritzia emango zaio Tokiko Inbertsio Funtsaren edizio berri bati, 5.000 milioi eurokoa, ingurumen, teknologia eta gizarte arretako iraunkortasuneko proiektuak aurrera ateratzeko.