Deep Impact ontziak atzo jaurtitako misila arrakastaz estrelatu da Tempel-1 kometaren kontra, penintsulako 7:52an. Eragina kometaren beheko eskuineko koadrantean gertatu da. Rick Grammierrek, proiektuaren arduradunetako batek, esan zuen “huts egiteko aukerak oso txikiak zirela, tiro paraboliko oso erraza baitzen”.
Deep Impact-ek eta Chandra, Hubble eta Spitzer espazioko teleskopioek hartutako irudiak ikusiko dira Lurrean. NASAko zientzialariek ez dute baztertzen jaurtigaiak eragindako eztandak “Tempel-1” guztiz desintegratu duenik.
Eguzki-sistemaren jatorria ikertzea da misio honen helburua. Kometaren barrutik lortzen diren datuek planetak eta Eguzkia sortu zituen leherketan (duela 4.600 milioi urte) gertatutakoaren berri emango dute.
Zientzialarien arabera, kometak izan litezke Lurreko bizitzaren erantzuleak, haiek ekarri baitzuten ura planetara.