Nahiz eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, IKTak, gero eta gehiago irekitzen diren gure herrialdeko ikastetxeetako ikasgeletan, liburuak eta testuliburuak dira oraindik irakasleen eta ikasleen baliabide didaktiko nagusia, eta, beraz, nahitaez eskuratu behar dituzte familia guztiek. Ikasle bakoitzak urtean batez beste 121,56 euro bideratu behar ditu, eta horrek gastu handia egiten du etxeetan. Hori dela eta, oinarrizko irakaskuntza derrigorrezkoa eta doakoa izatea aldezten duen konstituzio-printzipioaren arabera, hezkuntza-administrazioek funts publikoekin sostengatutako ikastetxeen derrigorrezko etapetako ikasleei hainbat laguntza ematen dizkiete, eskuliburu horietan urteko gastua hein batean murrizteko.
Imagen: brandi sims
Iaz 52 milioi ikasliburu baino gehiago erosi ziren Espainiako etxeetan unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-maila guztietan. Editoreen Gremioen Federazioaren datuen arabera, horrek 900 milioi euro inguruko fakturazioa dakar, gure herrialdeko argitalpen-merkatuko diru-sarreren laurdena. Izan ere, ikasturte bakoitzean familiek ikasleek beren jarduera akademikoa behar bezala gara dezaten behar diren liburuak eta testuliburuak erosi behar dituzte. Iaz, batez beste, 121,56 euro gastatu zituen ikasle bakoitzak etxean.
Laguntzak, batez ere, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako derrigorrezko mailetako ikasleentzat dira.
Kasu gehienetan, kopuru horiek ez dituzte familia guztiek ordaintzen; izan ere, Hezkuntza Ministerioak eta autonomia-erkidegoek hainbat laguntza-programa dituzte ezarrita familiek testu-liburuak erosteak dakarren urteko gastua finantzatu ahal izateko. Laguntza hauek, batez ere, funts publikoekin (publikoak eta itunduak) sostengatutako ikastetxeetako derrigorrezko mailetako ikasleei zuzentzen zaizkie, eta, batzuetan, familiaren errenta mailaren arabera ematen dira.
Laguntza autonomikoak
Gaztela-Mantxa, Kanariar Uharteak, Andaluzia, Extremadura, Aragoi, Balear Uharteak, Katalunia, Galizia, Errioxa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoak testuliburuak doan jasotzeko programa ezarria dute maileguaren bidez. Sistema horren bidez, testuliburuak berrerabiltzen dira, hau da, doakoak dira, baina ikasturtea amaitu ondoren, ikasleek ikastetxera eraman behar dituzte, beste ikasle batzuek hurrengo ikasturteetan erabil ditzaten. Eskuliburuak lau urtean behin berritzen dira, baina, oro har, salbuespen gisa, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako liburuak urtero berritzen dira.
Beste erkidego batzuek familiei zuzeneko laguntza emateko sistema aukeratu dute, hau da, txekea edo liburu-bonoa kopuru jakin baten truke ematea, erosketa egitean testuliburuekin truka dadin:
Asturiasen, aurten laguntzak emateko errenta atalaseak ezarri dira
Asturias: funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan edo Bigarren Hezkuntzan matrikulatutako seme-alaba bakoitzeko, zuzeneko familia-laguntza ematen da. Aurreko ikasturtean, diru-laguntza hori 60.000 eurotik gorako errentarik lortzen ez zuten familia guztiei eman zitzaien. Hala ere, aurten errenta-atalase jakin batzuk ezarri dira: 17.377 euro bi kideko familientzat, eta 39.877 euro zortzikoentzat. Ezgaitasunaren edo adimen-gaitasun handiaren ondorioz berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleen kasuan, atalase hori 5.000 eurokoa da; familia ugarien kasuan, berriz, 3.000 eurokoa, kategoria orokorrekoak badira, eta 5.000 eurokoa, kategoria berezikoak badira. 2010/2011 ikasturtean testuliburuetarako laguntza 105 eurokoa izango da Lehen Hezkuntzan eta 130 eurokoa Bigarren Hezkuntzan.
Kantabria: 2010/2011 ikasturtean, liburu-txeke baten onuradun izango dira funts publikoekin mantendutako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleak, baldin eta familiaren errentak ezarritako mugak gainditzen ez badituzte: 24.089 euro bi kideko familientzat eta 53.668 euro zortzikoentzat. Ikastetxearen bidez, baimendutako establezimenduetan 120 euroko laguntza jasoko dute lehen hezkuntzako ikasleentzat eta 170 eurokoa bigarren hezkuntzakoentzat.
Laguntzaren zenbatekoa nabarmen jaitsi da iazkoaren aldean
Gaztela eta Leon: Testuliburuen Doakotasun Programa Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleentzat da, 60.000 eurotik beherako familia-errentak dituztenentzat. Muga hori ez zaie aplikatuko familia ugariei edo %33tik gorako elbarritasuna duen kideren bat dutenei, ekintza terroristak edo genero-indarkeria jasan dituztenei. Laguntzaren zenbatekoa nabarmen jaitsi da iazkoaren aldean. Lehen eta bigarren hezkuntzarako, zenbatekoa 105 eurokoa izanen da. Errenta txikienetarako, 140 eurotik gorako laguntza aurreikusten da.
Madril: Madrileko komunitateak dirulaguntza deialdia egin du testuliburuak eta material didaktikoa erosteko. Horietaz baliatzen dira Haur Hezkuntzako 2. zikloko hirugarren mailako ikasleak eta ikastetxe publiko eta pribatuetako derrigorrezko irakaskuntza mailak. Laguntzak gehienez ere 40 eurokoak izanen dira haur hezkuntzako ikasleentzat, 104 eurokoak lehen hezkuntzakoentzat eta 110 eurokoak bigarren hezkuntzakoentzat. Familiaren errenta mailaren arabera ematen dira.
Murtzia: liburu-bonuak datorren ikasturtean 100 euroko laguntza emango die funts publikoak dituzten ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 5.era bitarteko ikasleei eta 150 eurokoa DBHko maila guztietako ikasleei.
Valentzian, familiek gainerako laguntza erabiltzen ahalko dute eskolako materiala erosteko.
Valentzia: datorren ikasturtean liburu-bonu bat emango zaie funts publikoekin diharduten ikastetxeetako lehen hezkuntzako ikasle guztiei. Liburuen kostua bonoa baino txikiagoa bada, familiek gainerakoa erabiltzen ahalko dute ikasmateriala erosteko. Bestalde, Bigarren Hezkuntzako ikasleen familia-errenta 14.112 euro eta 53.665 euro artekoa bada kide baten familientzat, eta 8koentzat, 125 euroko laguntza jasoko dute testuliburuetarako.
Erkidegoen lankidetzez gain, Ministerioak urtero bere laguntza-programa propioa antolatzen du testuliburuak eta material didaktiko osagarria erosteko, arrazoiren batengatik programa autonomikoetatik kanpo geratzen diren errenta maila apalagoko familientzat.
2010/2011 ikasturterako Ministerioaren deialdian 9.804 laguntza emango dira, milioi bat eurotik gorakoak. Onuradunak Murtziako Autonomia Erkidegoko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak, Errioxako Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak eta Espainiako atzerriko ikastetxeetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako maila guztiak izango dira.
Iaz laguntza horien onuradun izan ziren ikasleen familiek (betiere ikasleak hezkuntza maila aldatu ez badu) laguntza horiek eska ditzakete. Laguntza horien zenbatekoa, gehienez ere, 105 eurokoa izango da ikasle bakoitzeko, eta lehentasuna izango dute laguntzak ematean. 2009an errenta-atalase jakin bat gainditu ez duten familiek ere eska ditzakete: 9.600 eurotik (kide baten familientzat) 36.789 eurora (zortzi kideko familientzat). Familia ugariek, errenta kalkulatzean, 1.926 euro kendu behar dituzte azken emaitzatik. Ondoriozko zenbatekoa beka emateko kontuan hartuko da.
Liburuak erosteko laguntza eskaera Ministerioaren web orri beretik deskarga daiteke. Eskabidearekin batera eskatzailearen NANaren fotokopia eta familiako kide kontagarri guztiak aurkeztuko dira, bai eta laguntza jaso nahi duen bankuko kontuaren identifikazio datuak ere.