Argitaletxeen merkatuak 700 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu urtero testuliburuak saltzeagatik. Ikasleko batez besteko gastua 100 eta 240 euro bitartekoa izanik, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako ikasleen familiek gastu horren zati bat baino ez dute ordaindu behar urtero; izan ere, bai Hezkuntza Ministerioak bai autonomia-erkidegoek eskola-material hori erosten laguntzen dute hainbat laguntza-programaren bidez.
Urtero, autonomia-erkidegoek, udal eta diputazio batzuek bezala, testuliburuak eta eskola-materiala erosteko laguntza-programak eskaintzen dituzte, funts publikoekin (publikoak eta itunduak) sostengatutako ikastetxeetako ikasleek urtero liburu horiek erosteak dakarren gastua murrizteko aukera izan dezaten. Formula batzuk, hala nola liburu-txekea, liburu-bonua, ekonomikoki ahulenak direnentzako mailegua edo laguntzak, dira erabilienak, eta Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirol Ministerioak funtsezko zeregina du hori emateko, bere aurrekontuaren zati batean laguntzen baitu programetan. Baina, lankidetza horretaz gain, Ministerioak bere laguntza-programa deitzen du urtero, testuliburuak eta material didaktiko osagarria erosteko, arrazoiren batengatik programa autonomikoetatik kanpo geratzen diren errenta maila apalagoko familientzat.
Ministerioak 2008/2009 ikasturterako egingo duen deialdian 112.784 laguntza emango dira, 11 milioi euro baino gehiagokoak. Laguntza horien onuradun izango dira Kanariar Uharteetako, Kantabriako, Murtziako, Errioxako, Gaztela-Leongo eta Balear Uharteetako autonomia erkidegoetako funts publikoak dituzten ikastetxeetako ikasleak. Autonomia-erkidego horietako batzuetan, laguntzak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako (DBH) maila guztietako ikasleei ematen zaizkie; beste batzuetan, berriz, ikastaro jakin batzuetara mugatzen dira.
Laguntza horiek, ikasle bakoitzeko gehienez ere 100 eurokoak, iaz laguntza jaso zuten ikasle-familiek eska ditzakete (betiere ikasleak hezkuntza-maila aldatu ez badu), eta, gainera, lehentasuna izango dute laguntza ematean. Baina errenta-atalase jakin bat 2007an gainditu ez duten familiek ere eska ditzakete: 8.996 eurotik (kide baten familientzat) 34.476 eurora (zortzi kideko familientzat). Kontuan hartu behar da, familia ugarien kasuan, errenta kalkulatzeko orduan, 1.805 euro kendu behar dituztela azken emaitzatik, eta ateratzen den zenbatekoa laguntzak emateko kontuan hartzen dena izanen dela.
Liburuak erosteko laguntza eskaera Ministerioaren web orri beretik deskarga daiteke. Familiek ekainaren 20ra arte dute epea liburuak matrikulatuta dauden ikastetxean aurkezteko. Eskabidearekin batera eskatzailearen NANaren fotokopia eta familiako kide kontagarri guztiak aurkeztuko dira, bai eta laguntza jaso nahi duen bankuko kontuaren identifikazio datuak ere.
Gaztela-Mantxa, Kanariar Uharteak, Andaluzia, Extremadura, Aragoi, Katalunia, Galizia, Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-erkidegoek testuliburuak doan jasotzeko programa ezarri dute, liburuak mailegatzeko formularen bidez. Formula hori bera erabiliko du Nafarroako Foru Erkidegoak 2008/2009 ikasturtean.
Asturias: funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan edo Bigarren Hezkuntzan matrikulatutako seme-alaba bakoitzeko zuzeneko familia-laguntza ematen da, familiak 60.000 eurotik gorako errentarik jasotzen ez badu. Ezgaitasunaren edo adimen-gaitasun handiaren ondorioz hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleen kasuan, atalase hori 5.000 euro handituko da; familia ugarien kasuan, berriz, 3.000 euro gehituko dira kategoria orokorrekoa bada, eta 5.000 euro, kategoria berezikoa bada. 2008-2009 ikasturtean testuliburuetarako laguntzak 100 eurokoak izango dira Lehen Hezkuntzan eta 130 eurokoak Bigarren Hezkuntzan.
Kantabria: 2008/2009 ikasturtean, liburu-txeke baten onuradun izango dira Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3., 4. eta 5. mailako eta DBHko 1., 2. eta 3. mailako ikasle guztiak, funts publikoak dituzten ikastetxeetan. Oraindik ez da argitaratu ikasle bakoitzeko hurrengo ikasturterako gehieneko zenbatekoa.
Gaztela eta Leon: Testuliburuen Doakotasuneko Programa Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzentzen zaie, 60.000 eurotik beherako familia-errentak badituzte. Muga hori ez zaie aplikatuko familia ugariei edo %33tik gorako elbarritasuna duen kideren bat dutenei, ekintza terroristak edo genero-indarkeria jasan dituztenei. Lehen Hezkuntzarako laguntzaren zenbatekoa 116 eurokoa da, DBHko 1. eta 2. mailetarako 136 eurokoa eta DBHko 3. eta 4. mailetarako 150 eurokoa. Kopuru horiek 200 eurokoak izanen dira Lehen Hezkuntzan eta 300 eurokoak Bigarren Hezkuntzan, ikasleak ikastetxe elebidunetan ari badira.
Madril: Madrilgo erkidegoak diru-laguntza moduko laguntzen deialdia egin du Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta derrigorrezko irakaskuntza-mailetako ikasleei testu-liburuak eta material didaktikoa erosteko, matrikulatuta dauden ikastetxe-mota edozein dela ere. Eskualdeko administrazioak tratu ona ematen die familia ugariei, eta aurrekontu osoaren %50 ematen die. Laguntzak gehienez ere 90 eurokoak izanen dira Haur Hezkuntzako ikasleentzat, 110 eurokoak Lehen Hezkuntzakoentzat eta 130 eurokoak Bigarren Hezkuntzakoentzat.
Murtzia: iaz liburu-bonoa estreinatu zuen, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasle guztiei (100 euro) eta funts publikoen bidez lagundutako ikastetxeetako DBHko 1. mailako ikasleei (150 euro) zuzendutako laguntza. Bestalde, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gainerako mailetako ikasleek 95 euroko laguntza eska dezakete, baldin eta familiaren errenta 14.003 euro bada kide baten familientzat eta 47.842 euro 8 kideko familientzat.
Valentzia: datorren ikasturtean liburu-bonu bat emango zaie funts publikoak dituzten ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetako ikasle guztiei. Liburuen kostua bonoa baino txikiagoa bada, gurasoek gainerakoa eskola-materiala erosteko erabili ahal izango dute. 2009. urtean, gainera, testuliburuetarako laguntza jasoko dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek (105 euro), baita funts publikoek sostengatutako ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako ikasturte guztiek ere (125 euro), baldin eta horien familia-errenta 9.072 euro bada kide baten familientzat, eta 34.767 euro, zortzi kideko familientzat.