Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) Genetika eta Mikrobiologia Saileko zientzialari-talde batek Pipeline Diversity Analysis (PDA) eraiki du, gizabanako desberdinen genoma-aldaketak eta aniztasun genetikoa eskala handian aztertzeko aukera ematen duen Interneteko nazioarteko lehen zerbitzaria.
Web gune berria DNAren datu-base publiko handietan dauden sekuentziak automatikoki bilatzen dituzten hainbat programek osatzen dute. Programa horiek hainbat eskualdetako aniztasun genetikoa bildu eta neurtzen dute. Horrela, polimorfismo hodeiotatuak identifikatzen dituzte, hau da, “DNA molekularen letretako aldaketa txikiak, espezieko indibiduoetan dagoen informazio genetikoa osatzen dutenak”.
Hori dela eta, zerbitzari berriak aukera emango du munduko edozein lekutako biologoek pertsonen eta animalien genoma-aldaketa txikiak aurkitzeko ikerketak egiteko.
UABeko kideek adierazi dute aldaketa horiek bereziki garrantzitsuak direla, oinarrizkoak baitira “Lurrean bizi diren izaki bizidunen aniztasun handia” ulertzeko eta “pertsona batek begi urdin edo marroiak izatea edo minbizia izateko arriskua” ulertzeko.