NASAko “Spitzer” espazio-teleskopioaren bidez egindako behaketei esker, Holandako zientzialariek IRS 46 izarra (Ophiucus konstelazioan dago, Lurretik 375 bat argi-urtera) inguratzen duen hautsean DNA aitzindarien oinarrizko osagaiak zein diren jakin ahal izan dute.
Osagai horiek izarraren zona planetarioan hauteman ziren; eskualde horretan, planeta harritsuak sortu zirela uste da, hala nola Lurra. Zientzialarien arabera, lehenengo aldiz atzematen da azetileno-gasak eta hidrogeno zianuroa daudela eguzki-sistemarekin bat ez datorren planeta batean. “Sistema horrek duela milaka milioi urte gurearen antzeko itxura izan lezake, Lurrean bizitza agertu baino askoz lehenago” esan zuen Holandako Leinde Behatokiko Fred Lahuis-ek.
Izarra gasez eta hautsez osatutako eraztun lau batez inguratuta dago. Eraztun horiek, azken batean, batu egiten dira planetak eratzeko. Astronomoek eraztun hori “Spitzer”-aren espektrometro infragorriarekin zundatu zutenean, “barra-kode” molekularrak aurkitu zituzten, azetilenozko eta hidrogeno zianurozko gas-kantitate handiak eta karbono dioxidoa dituztenak. Taldeak antzeko 100 izar gazte ikusi zituen, baina horietako bakarrak, IRS 46k, argi eta garbi erakusten zituen nahasketa organiko horren arrastoak.
Gure Eguzki Sisteman ere hauteman dira gas organikoak, hala nola izar horren inguruan aurkitu ditugunak, batez ere planeta erraldoien atmosferan, Titan Saturnoren ilargietako batean eta kometen azalean. JPLren arabera, horrelako molekulak duela milaka urte iritsi ziren Lurrera, kometek edo horien hautsak ekarrita. Ura dagoenean, azetilenoa eta hidrogeno zianuroa elkartu egiten dira eta bizitzako oinarrizko unitate kimikoak osatzen dituzte: DNA eta proteinak.