Madrilgo Erkidegoko lehendakariak, Esperanza Aguirrek, jakinarazi du eskualdeko Bigarren Hezkuntzako Institutuek (BHI) ikasturte honetan Internet bidez edo sakelako telefonoaren bidez jakinaraziko dietela gurasoei kalifikazioen berri, baita seme-alabak eskolara joan edo ez.
Sistema hori Madrilgo 328 institututan ezarriko da, eta gurasoek eguneroko jarraipen hori Internet, SMS edo telefono bidez egitea ahalbidetuko du. Tresna berri horren berri emateko, Hezkuntza Sailak informazio-kanpaina bat jarriko du abian datorren asteazkenean, ikasturtearen hasieran. Horren bidez, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietan zabaldu nahi da zerbitzua, eta oinarrizko gida bat jasoko dute zerbitzu berriaren erabilera ezagutzeko.
Ikasle bakoitzaren informazioaren pribatutasuna bermatzeko, familiek ziurtagiri elektroniko bat izan beharko dute, eta horren bidez kontrolatuko dira ikasleen identitatea eta datuetarako sarbidea.
“Teknologia berriak gurasoen zerbitzura jarriko ditugu, eta edozein unetan jakin ahal izango dute Interneten beren seme-alaben bilakaera akademikoa nolakoa den”, adierazi zuen Agirrek. Ikastetxeen Informazio Sistemaren (SICE) bidez, institutuek ikasleen kalifikazioen eta absentzien berri eman ahal izango diete familiei, baita ikastetxeko zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen beste gai batzuen berri ere.