Txakurren epilepsia gaixotasun hereditarioa da, eta arraza jakin batzuetan ohikoagoa da: artzain-txakur alemana, sanbernardoa, setterra, beaglea, kanixea, dachshund batzuk eta basset hounda. Lehen krisi epileptikoa sei hilabetetik bost urtera bitarteko txakurretan gertatzen da maiz, eta, beste arrazoi batzuk baztertuta diagnostikatzen da; horregatik, jakin egin behar da nola jokatu txakurrak epilepsia-atake bat duenean. Jarduteko funtsezko bost jarraibide daude: lasai egotea, zakurra etzatea, ez saiatzea mihia ateratzen, bere onera etortzen uztea eta albaitariak gomendatutako tratamenduari jarraitzea. Epilepsiak ez du heriotza eragiten, baina txakurrak istripu larria izatea ekar dezake.
Nola jokatu txakurrak epilepsia-atake bat duenean?
Txakurren epilepsia idiopatiko edo esentzial deiturikoa garuneko gaixotasun bat da, eta patologia hori duten pertsonen sintomatologiaren antzekoa du. Ausaz eta ustekabean atake bat hasten denean, energia deskargatzen da garunean, eta horrek pedalkada-mugimenduak eragiten dizkio txakurrari gorputz-adarretan, listu ugari botatzen du, txiza edo kaka kontrolik gabe egiten du eta konortea galtzen du. Nola jokatu horrelako kasuetan?
- Lasai egon behar da, eta animalia ezer ez jotzeko edo leku garai batetik ez erortzeko moduan jarri.
- Txakurra gainazal bigun baten gainean etzanaraz daiteke, koltxoneta baten edo kuxin batzuen gainean, adibidez, eroso egon dadin eta konbultsioak direla-eta minik har ez dezan.
- Ez da saiatu behar txakurraren mihia kanpora ateratzen, mihiari hozka egiteko arriskua baitago.
- Epilepsia-krisia amaitu ondoren, leku lasai batean bere onera etortzen utzi behar zaio, animalia nekatuta geratzen baita.
- Albaitariak tratamendu bat jar diezaioke, komenigarritzat jotzen badu. Valium muskulu-lasaigarria ondestetik ematean datza tratamendua. Jabeek berek jar diezaiokete lasaigarria txakurrari epilepsia-krisi bat duenean.
Txakur epileptikoak eta abisatzen duten atakeak
Epilepsia-krisiak intentsitate handiagokoak edo txikiagokoak izan daitezke. Txakurraren portaeraren seinale batzuek atake bat izatera doala iragar diezaiekete jabeei. Juan Antonio Aguado albaitariak eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Albaitaritza Fakultateko irakasleak esan duenez, “txakurra ohi baino urduriago eta egonezinago agertzeak adierazi ohi du animalia konbultsioak izaten hasiko dela”.
Jabeek atakeari aurrea hartzen badiote, lehen sorospenak eman diezazkiokete, hala nola txakurra buruan kolperik hartzeko edo toki garai batetik erortzeko arriskurik ez dagoen leku batean jartzea. Komeni da, halaber, txakurra gainazal bigun baten gainean etzanaraztea (kuxinak edo koltxoneta bat), baina beti lurrean, eror ez dadin. Izan ere, hori gerta liteke txakurra sofan jartzen bada.
Txakurren epilepsiak ez du hiltzen, eta sendabidea du
Epilepsia-krisiek minutu bat edo bi baino gutxiago irauten dute, baina egoera horretan dauden jabeentzat amaigabeak dirudite. Atakea amaitutakoan, txakurra nahastuta eta nekatuta geratzen da. Juan Antonio Aguadok “lasaitasuna” gomendatzen die jabeei. “Epilepsiak ez du hiltzen, baina oso nabarmena da, eta estualdia izaten da animaliaren jabeentzat. Atakeek ez dute albo-ondoriorik txakurrarentzat, kolperen bat hartu edo mingainari hozka egin ezean”, dio albaitariak. Txakurren epilepsia idiopatikoa sendaezina da, eta oso litekeena da bizitza osoan tratamendua behar izatea.
Gaixotasun hori ezin da detektatu analisien edo erradiografien bidez, eta, oro har, ez du presazko tratamendurik behar izaten, baldin eta atakeak tarte txikiarekin errepikatzen ez badira. Hori oso arriskutsua izan daiteke txakurrarentzat.
Epilepsia idiopatikoa sendaezina da, eta ia segurua da txakurrak bizitza osoan tratamendua beharko duela. Atakeak dirauen artean animaliak ez du sufritzen, eta oso gutxitan eragiten du heriotza. Epilepsia garuneko tumore batek edo iskemia batek (arterietako odol-ekarpena gutxitzea) eragiten badu, animaliari ebakuntza egin dakioke. Atakeak oso sarri gertatzen direnean, barbiturikoen bidezko tratamendua aplikatzen da. “Baina behar-beharrezkoa denean bakarrik erabiltzen da, tratamendu horrek albo-ondorioak baititu”, dio Juan Antonio Aguadok.
Jabeen epilepsia-krisia atzematen duten txakurrak
Txakur batzuek epilepsia-krisiak atzematen dituzte, gertatu aurretik. Ahalmen hori ez dute txakur guztiek, batzuek bakarrik, atake bat jasan aurretik pertsona batek askatzen dituen feromonak edo partikula usaintsuak hauteman baititzakete. Txakurrak gorputzeko usain jakin bat ezagutzeko gai dira, berdin dio gorputzeko zein ataletatik datorren.
Txakur batzuk entrenatu egiten dira, epilepsia duten jabeei atake bat datorkiela ohartarazteko. Hala, gertatu baino lehentxeago, txakurrak zaunka egiten du edo jira eta bira hasten da, atakea hastera doala ohartarazteko. Txakur horien laguntzari esker, jabeak leku seguruan jar daitezke, erorikoak saihesteko, edo norbaiti abisua eman, lagun diezaien.
- Animaliak epilepsia-krisi baten antzeko sintomak baditu, albaitariarengana jo behar da.
- Epilepsia gaixotasun kronikoa da; beraz, zakurrak tratamendua beharko du bizitza osoan.
- Ez da utzi behar albaitariak errezetatu duen tratamendua, atake epileptikoak ahalik eta gehien murriztea lortzeko.
- Atakea duenean, erori edo kolperik hartu ezin dezakeen leku batean jarri behar da txakurra. Krisia bukatutakoan, atseden hartzen utzi behar zaio leku lasai batean.
- Txakur epileptikoari giro lasaia eskaini behar zaio, estres-egoerak izaten baitira maiz epilepsia-krisiak eragiten dituzten faktoreak.