Gaur egun, atmosferako karbono dioxidoaren (CO2) kontzentrazioa 160.000 urtean izandako handiena da, Salvador Rueda Europako Batasuneko Hiri Ingurumeneko aditu-taldeko kideak atzo Iruñean azaldu zuenez.
Bartzelonako Hiri Ekologiako Tokiko Agentziako zuzendariak ere argitu zuenez, “goiz edo berandu izango da gas horien saturazio-maila, eta berotegi-efektuak planetako tenperaturak aldatuko ditu”.
Ingurumen arloko prestakuntza ikastaroa irekitzeko hitzaldian parte hartu zuen Ruedak. Hurrengo egunetan, Nafarroako Foru Administrazioko teknikariak eta enpresa publikoak joango dira, ingurumenaren integrazioaren nondik norakoak ulertzeko.
Ikastaro hau Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak antolatutako ingurumeneko etengabeko prestakuntza planaren parte da. Plan hori erantzunkidetasunaren eta parte-hartzearen printzipioan oinarritzen da eta 2002. eta 2004. urteetan garatuko da. Guztira, administrazioko 400 teknikarik hartuko dute parte aurten.
Rueda lanean hasi zen, eta zehaztu zuen hiri-sistemak direla Lurrean iraunkortasunik handiena sortzen dutenak, ekoizten den energia gehiena kontsumitzen dutenak eta ingurunean presio handiena sortzen dutenak.
Aditu horren ustez, beharrezkoa da lurraldea baliabide naturalen gehiegizko ustiapena saihesteko moduan okupatzen eta antolatzen hastea. Alde horretatik, uste du ustiapenerako mugak adostu behar direla, agortu ez daitezen. Nafarroako Plana aitzindaria da Espainian, eta haren helburua da teknikariei behar duten trebakuntza eskaintzea, ingurumenaren integrazioaren irismena ulertzen laguntzeko eta, hartara, jasangarritasunaren aldeko aldaketak ahalbidetzeko. Mintegi, tailer, jardunaldi, bisita eta hitzaldien bidez garatuko da.
Ruedaren ustez, ekimen hori funtsezkoa da ingurumen-hezkuntzan sakontzeko, “ezinbesteko elementua baita garapen iraunkorraren eraketan”. Hain zuzen, Europako adituak adierazi zuen hori dela ingurumena herritarren lanean eta bizitza pribatuan txertatzeko formula bakarra.
Bestalde, José Ignacio Elorrieta Nafarroako Gobernuko Ingurumen zuzendari nagusiak esan zuen orain arte Foru Komunitatean defizita zegoela ingurumen-hezkuntzako gaietan, “beharrezkoak baitira ingurumenaren egunerokotasuna lanera eta herritar guztien bizitzari hurbiltzeko”.