Baliteke aurten Kanadako ehiztariek itsas txakurren urteko sarraskia ez gertatzea, eskualde batzuetan behintzat. Izan ere, berotze globalak ustekabean harrapatu ditu ugaztun horiek, baina ondorio tragikoak izan ditu.
San Lorentzo golkoan izotz gutxi dagoenez, itsas txakurren kumeen hilkortasun handiagoa eragin du. Ipar Atlantikoko izotzaren gaineko berotze globalak ozeanorantz bultzatzen ditu kumeak distantzia handietan igeri egiteko behar den indarra izan aurretik.
Estatu Batuetako Animaliak Babesteko Elkarteko (HSUS) Rebeca Aldworth-ek adierazi zuenez, “Atlantikoko ipar-mendebaldean aurten jaiotako itsas txakurren kume asko hiltzen ari dira haien habitata suntsitu ahala. Ezin dugu onartu hondamendi ekologiko horretatik bizirik atera direnak sarraskitzea, moda-artikuluak egiteko”.
Kanadako Gobernuak eta zenbait arrantzale-komunitatek behin eta berriz esaten dute itsas txakurren sarraskiak ekartzen dizkien diru-sarrera osagarriak behar dituztela, bakailao-stockak murriztu egin baitira.
Animalien Ongizaterako Nazioarteko Funtsaren (IFAW) arabera, 1995etik aurrera ehiza-kuota handituz joan da, eta, aldi berean, izotzak behera egin du pixkanaka. Artikoan izotza hedatzeari buruzko azken txosten zientifikoak adierazten duenez, azken 11 urteetatik bederatzitan izotz-geruza beti batez bestekoaren azpitik egon da 70eko hamarkadatik.