Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) ikertzaileek eguzki-zelula mota berri bat patentatu dute. Zelula horren eraginkortasuna ohiko eguzki-zelulena baino %30 handiagoa da. Kristal fotonikoa gainazal nanoegituratu batez osatuta dago, eta horrek argiaren transmisioa areagotzen du dispositiboaren barruan. Zientzialariek kristala fabrikatzeko erabiltzen dituzten teknikak industrian aplika daitezke.
Pablo Aitor Postigo ikerketaren zuzendariak azaldu duenez, aurkikuntza horrek “eguzki-izpiak eraginkortasun handiagoz aprobetxatzeko balioko du. Gaur egungo sistemek eguzki-energiaren %30 baino ez dute aprobetxatzen elektrizitate bihurtzeko. Gure eguzki-zelulek sistema horien eraginkortasuna %30 arte handituko dute”.
Ohar batean, CSICek dio ahalmen handiagoko eguzki-zelula berri horiek eskala handian fabrikatzeak ohikoek adinako kostua izango lukeela. Gainera, energia kantitate bera lortzeko material erdieroale gutxiago behar da.
Eguzki-zelula berri horretan, bi dimentsioko kristal fotonikoa egin da nanoteknologia-prozesuen bidez. Kristal hori 200 nanometroko diametroa duten nanozuloek osatzen dute. Nanometro horiek bata bestetik 600 nanometro dituzte, eta simetria triangeluarreko sare periodikoa osatzen dute.
CSICen arabera, sistema patentatuak frogatzen du eguzki-zelula berri horren kanpo-eraginkortasun kuantikoa, fotoi erasotzaile bakoitzeko elektroien sorkuntza-tasa, %10 eta %30 artean handitzen dela zelulak fotokonbertsio-gaitasuna duen eguzki-espektroaren hein osoan.