Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) kutsatzaile bat aurkitu du, polibromodifenil eterra (PBDE), Europako goi-mendiko hamaika lakutako amuarrainetan.
Norwegian Institut for Water Research-ekin lankidetzan egin da ikerketa, eta ondorio horretara iritsi zen bi ehunetako muskulu, gibel eta gantzaren laginak aztertu ondoren. Horien batez besteko kontzentrazioak 0,1 eta 1,3 nanogramo bitartekoak izan ziren gibeleko gramo bakoitzeko, eta 0,06 eta 0,7 nanogramo bitartekoak muskuluko.
Konposatu kutsatzaile hori, polibromodifenil eterra (PBDE), duela urte batzuk hasi ziren erabiltzen toxikoagoa den PCB baten ordez. Eskuarki, industrian eta osagai askotan erabiltzen da suteei aurrea hartzeko, eta hainbat aplikaziotan aurki daiteke: plastikoak, ehunak, zirkuitu elektronikoak eta bestelako materialak.
Datuak gorabehera, adituek uste dute ez direla osasunarentzat arriskutsuak. Ikerketaren zuzendariak, Joan Grimalt-ek, uste du aurkikuntza horren alderdirik garrantzitsuena dela urte gutxiren buruan PBDEak mendi garaietako aintzirak bezain urrun banatu direla.
Osagai horiek aurkitu diren lakuen artean Redon dago, Aran bailaran. Han oso maila apalak aurkitu dira: 0,4 nanogramo gibelean eta 0,6 nanogramo muskuluan. Bestalde, kontzentrazio handienak Lochnagar lakuan aurkitu dira, Balmoralen (Eskozia), Britainia Handiko errege-familiaren lurretan.
Osagai hori Europako Batasuneko Uren Esparru Zuzentarau berriaren barruan sartu da substantzia arriskutsuen eta nahitaezko kontrolekoen zerrendan. Hala ere, oraingoz informazio gutxi dago PBDEen banaketari buruz, degradazioari buruz eta osasunean dituen ondorioei buruz.
Beste aurkikuntza bat
Bartzelonako Ikerketa Kimikoen eta Ingurumen Ikerketen Institutuak (CSIC) eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ere azterketa bat egin dute Cinca ibaian, PBDE eta hexabromoziklododekanoaren (konposatu kutsatzaileak) aztarnarik ba ote dagoen aztertzeko.
Azterketa hori oso industrializatuta dagoen ibaiaren alde batean egin da, Monzonen parean. Han, PBDE kontzentrazioak aurkitu dira: bi nanogramotik 42 nanogramoraino lehorrean, eta, HBCDaren kasuan, hauteman ezin diren mailetatik hasi eta arroketako sedimentuetan gramoko 514 nanogramoraino.
Era berean, konposatu horiek arrainetan ere aurkitu dituzte, PBDE gramo bakoitzeko 446 nanogramo aurkitu baitituzte hauteman ezin diren mailetatik. Eta hauteman ezin diren mailetatik 1.172 HBCD nanogramoraino. Familia bereko beste konposatu bromatu batzuk ere aurkitu dira sedimentuetan eta arrainetan.