“Iraultza Berriztagarria” da Greenpeacek abian jarri duen kanpainaren izena. Kanpaina horren bidez, gizartea kontzientziatu nahi da energia “zikinen” ordez “garbiak” erabil daitezkeela, eta, hartara, klima-aldaketa ahal den neurrian saihesteko.
“Kanpainaren helburua da gizarte osoari, eta bereziki energia-politikari buruzko erabakiak hartzeko ardura dutenei, beharrezko informazioa helaraztea, energia-eredu “garbia” posible dela onartzeko”, azaldu du Greenpeacek.
“Iraultza Berriztagarriaren” lehen ekimena izango da hautagaiei dei ugari egitea hurrengo hauteskunde autonomikoetarako, eta eskatuko zaie beren gain har dezatela klima-aldaketaren aurkako borrokan duten erantzukizuna, eta konpromiso zehatzak ezar ditzatela beren autonomia-erkidegoetan eta legealdiaren epean, energia aurrezteko eta energia berriztagarriak gehitzeko.
“Hauteskunde autonomikoak hurbil daude, eta gu ordezkatzeko hautagaiek klima-aldaketaren aurkako borrokan konpromisoa hartu behar dute. Zenbat murriztu nahi dituzte co2-emisioak? Zer konpromiso duzu energia berriztagarriekin? Horixe jakin nahi dute iraultza berriztagarri baten aldeko botoa eman nahi duten herritarrek”, adierazi zuen José Luis García Ortegak, Greenpeaceko energia-kanpainaren arduradunak.
Ekintza honetan parte hartu nahi duten herritarrek www.energia.greenpeace.es Interneteko atariaren bidez egin dezakete. Atari hori Greenpeacek berariaz sortu du kanpaina honetarako.
Bestalde, apirilaren 11n, erakunde ekologistak “Berriztagarriak %100” azterketa aurkeztuko du. Espainiako penintsula-sistemako elektrizitate-eskaera osoari energia “garbiekin” erantzuteko bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzen du lan honek.