Europako Espazio Agentziak (ESA) bertan behera utzi zuen atzo berriro MetOp-A jaurtiketa. Orbita polarreko Europako lehen satelitea berriro lurrean geratu zen Baikonur kosmodromoan (Kazakhstan).
“Ez dakigu zehazki zer gertatu den. Sekuentzia jaurti baino 20 edo 25 segundo lehenago gelditu zen, eta seinale batek adierazi zuen suziri jaurtitzailearen sistemetako batek (Soyuz/ST batek) ez zuela behar bezala funtzionatu” esan zuen Gaele Winters ESAko eragiketa- eta azpiegitura-zuzendariak.
Uztailaren erdialdetik MetOp-A jaurtitzeko laugarren saiakera huts egin du. Europako satelite meteorologikoen belaunaldi berri hori mugarria da Lurraren behaketan; izan ere, Meteosat-ek baino 43 aldiz hurbilago egiten dute hegan, eta 100 minutuan ematen diote bira planetari, bigarren belaunaldiko azken horiek behar dituzten 24 orduekin alderatuta.
Hiru satelitek osatzen dute MetOp serie berria. Orbita polar batetik, hau da, Lurreko poloetatik 837 kilometrora, biratuko dute Lurra.
MetOp-ek Meteosat-ek emandakoak baino bereizmen handiagoarekin lortuko dituzte datuak, eta horiek estaltzen ez dituzten eremuak eta AEBko Atmosferaren eta Ozeanoen Administrazio Nazionalak ematen dituen informazioak osatuko dituzte. (NOAA).