2011ko lehen seihilekoan Espainian saldutako bonbillen erdiak baino gehiago (%55) kontsumo txikikoak edo fluoreszente trinkoak izan ziren, eta %24, berriz, ohiko bonbillak, GfK Retail and Ilumination taldeak argiztapenari eta kontsumoari buruz egindako txosten baten arabera.
Lanpara eraginkorrak, gaur egun, Espainiako fakturazio osoaren %59 dira; lanpara arruntak edo goriak, berriz, %9 baino ez dira. Hipermerkatu eta azalera handietan ikuskatutako salmentetan oinarrituta egindako txostenean jasotako Espainiari buruzko datuak “deigarriagoak dira” Europako beste merkatu batzuekin alderatuta.
Fluoreszente konpaktuen salmenta Frantzian guztizkoaren %45 da eta Alemanian %24. Era berean, txostenak dioenez, lanpara konbentzionalen (goriak eta halogenoak) eta eraginkorren produktu-mixa alderatzean, “Espainiaren abantaila oraindik handiagoa da, bonbilla eraginkorrak %74 baitira; Frantzian, %62, eta Alemanian, %41”.
Fakturazio osoari dagokionez, urteko lehen sei hilabeteetan 12,5 milioi eurokoa izan dela zehaztu du, bost milioi bonbilla salduz. Halaber, taldeak adierazi du ezen, 2011ko urtarrilean argiztapenaren segmentua ikuskatzen hasi zenetik, “ikusi dela aldatzen ari den merkatua dela”, izan ere, “pixkanaka, goritasun-bonbillek murriztu egiten dute merkatuan duten pisua”. Bestalde, beste formatu batzuek, hala nola LED bonbillek (salmenten %2), “hazkunde motela baina konstantea dute”, gehitu du. Lanpara halogenoak salmenten %10 dira eta fluoreszenteak %1.
“Ikusten denez, argiztapen-sektoreko bonbillen eraginkortasuna da lanpara bat edo beste aukeratzeko orduan gailentzen den faktoreetako bat”, azaldu du Gabriel Gómez GfK-ko argiztapen-panel xehekariaren arduradunak. “Pixkanaka, formatu ekologikoenek merkatu-kuota handiagoak lortzen dituzte, eta badirudi sektoreak norabide horretan egingo duela aurrera”.