Zentimetro bakarreko igel-espezie berri bat aurkitu dute Indian biologo belgikarrek. Orain arte, anfibio berri hori oharkabean pasatzen zen, uste baitzen beste igel mota bat besterik ez zela, artean hazkunde-egoeran zegoena, eta, beraz, ez zela berez espezimen gisa aztertu.
Kerala estatuko baso tropikaletan, Indiaren hegoaldean, Bruselako Unibertsitate Libreko ikertzaile-talde batek aurkitu du espezie hori, eta “Nyctibatrachus minimus” izena jarri diote. Tamaina txikia izan arren, ikertzaileek egiaztatu dute tamaina handiagoko igelen antzeko garapen fisikoa dutela, zientzialariek adierazi zutenez. Aurkikuntza horri esker, ikertzaileek uste dute hemendik aurrera antzeko tamaina duten beste igel-mota batzuk erregistratu ahal izango direla, orain arte uste baitzen ez zirela erabat garatu.
Ikertzaile horiek hainbat igel-espezie berri aurkitu dituzte azken urteotan; besteak beste, astebetez lur azpian egoteko gai diren barietateak edo baso tropikaletako zuhaitzetan bizi direnak. Aurkikuntza atzo argitaratu zen Indiako “Current Science” aldizkari zientifikoan.