Japoniak bozketa guztiak galdu zituen Nazioarteko Bale Batzordeak (CBI) ostiralean Ulsanen (Hego Korea) amaitu zuen azken bileran, baleen ehiza zabaltzeko. Hala ere, Nipongo herrialdeak iragarri du bikoiztu egingo duela Antartikoko harrapaketen kopurua, Greenpeacek salatu duenez.
“Datorren abenduan, Japoniak 1.000 balea inguru ehizatu nahi ditu, zere arrunta, espezie mehatxatua barne”, esan du talde ekologistak, eta, gainera, adierazi du herrialde horrek botoen gehiengoa lor dezakeela datorren urtean. “Joan den ostiralean CBIrekin bat egin zuten eta Japoniaren alde bozkatuko duten herrialdeak (Kamerun, Gambia, Nauru eta Togo) ez ziren bileran izan, baina Japoniako ordezkaritzako kide batek adierazi zuen datorren urtean herrialde horiek parte hartuko dutela”.
Greenpeacek ohartarazi du, halaber, Japoniako Gobernua “CBI hartzen ari dela” eta hori saihesteko zerbait egin beharra dagoela; izan ere, datorren urtean baleen ehiza komertzialari ekiten bazaio, “ez da izango munduko iritzia aldatu delako, baizik eta Batzordearen osaera aldatu delako”. Haren iritziz, ehizaren aurkako herrialdeek “erretorika politikotik harago joan behar dute”, eta “urrats zehatzak” eman behar dituzte gaia serio hartzen dela frogatzeko.
Bestalde, erakundeak CBIri eskatu dio baleen aurkako beste mehatxu batzuk lantzen hasteko, hala nola, arrantza-sareetako ustekabeko harrapaketak, kutsadura eta klima-aldaketaren ondorioak.