Ingurumena zaintzea guztion lana da, baina pertsona batzuk eredu dira beren lan eta ausardiagatik eta gure ingurunearen alde asko egin daitekeela erakusten dutelako. Natura babesteko bizia eman duten pertsonak, ingurumenaren funtsezko alderdiak aurkitu dituzten zientzialariak, gure planetako mirariak erakutsiz kontzientziatu gaituzten dibulgatzaileak, agenda politikoan ingurumena sartzen lagundu duten politikariak, mugimendu sozial garrantzitsuak sortu dituzten ekologistak… Hainbat adituk ingurumenaren alde gehien egin duten nazioarteko pertsonaiak hautatu dituzte.
1. Al Gore (1948 -)
Clara Navío Ingurumen Informaziorako Kazetarien Elkarteko (APIA) lehendakariak azaldu duenez, Al Gore AEBko lehendakariorde ohi eta Bakearen Nobel saridunak “kritika gogorrak jaso zituen a posteriori, ‘Egia deseroso bat’ dokumentalarengatik, baina oso nabarmen lagundu zuen ingurumenari buruzko mundu osoko eztabaidan”.
2. Charles David Keeling (1928-2005)
Txema Campillo ingurumeneko aditu eta zientzia-dibulgatzaileak gogorarazi duenez, atmosferako karbono dioxidoaren (CO2) kontzentrazioari buruz Keelingek egindako ikerketek frogatzen dute “berotze globalak jatorri antropikoa duela “.
3. Chico Mendes (1944-1988)
Ingurumen Hezkuntzaren Espainiako Elkarteko lehendakari den Federico Velázquez de Castrok Chico Mendes nabarmendu du: “Amazoniako seringeiro bat zen, lur-jabeek hil zutena, Amazoniako zuhaitzetan kautxu naturala lortuz modu jasangarrian bizitzeko eta lan egiteko modu baten alde egiteagatik”.
4. Daniel H. Janzen (1939- )
Eduardo Renovales Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteko kidea eta ingurumen-dokumentazioan aditua da, eta adierazi du Janzen “azken 40 urteetan oihan tropikalak ikertzen eta kontserbatzen eta ekosistema degradatuak berreskuratzen lan egin duen ekologo bat dela; esate baterako, Guanacaste-n (Costa Rica), oihan tropikaleko 130.000 hektareako eremuan; bertako biztanleek ere parte hartu dute proiektu horretan”.
5. Gerd Thielcke (1931-2007)
Benigno Varillas ingurumen-kazetariak Gerd Thielcke aipatu du, erakunde hauen sortzailea: Bund für Umwelt und Naturschutz Deutschland e. V. (BUND), Euronatur eta Global Nature Fundazioa. “Alemaniar kontserbazionismoa suspertu zuen, eta haren eragina Europa osora zabaldu zuen ICBPren bidez (gaur egun, BirdLife)”, dio Varillasek.
6. Gro Harlem Brundtland (1939- )
Brundtland-ek “Gure etorkizun komuna” txostena koordinatu zuen; han definitu zen lehen aldiz garapen jasangarriaren kontzeptua. Aitzindaria izan zen ingurumena agenda politikoan sartzen”, dio Txema Campillok. Clara Navioren ustez, “gaur egun gu ingurumen-gaien alde borrokan aritzea berari zor diogu batez ere”.
7. Henry David Thoreau (1817-1862)
“Thoreau, ‘Walden‘ lanaren egilea, eskubide zibilen, indarkeriarik ezaren, desobedientzia zibilaren eta ingurumenarekiko errespetuaren aitzindaria da”, Federico Velázquez de Castroren hitzetan.
8. Jacques Cousteau (1910-1997)
Clara Navioren aburuz, Cousteau aitzindaria izan zen zientziaren dibulgazioan, eta bide bat zabaldu zuen gaur egungo dibulgatzaileentzat: “Itsaspeko munduari buruz egin zituen lanak (115 dokumental eta film baino gehiago) oso ederrak eta zehaztasun handikoak dira, eta horregatik izan du hainbesteko arrakasta hainbeste urtetan. Lanerako gaitasun handia zuen, eta, horren ondorioz, itsas espezie berriak aurkitu zituen, eta berrikuntzak egin zituen itsaspeko esplorazioan”. Eduardo Renovalesek gogorarazi du, halaber, itsasoak zaintzea sustatu zuela kutsadurari aurre egiteko; gaur egun, Cousteau elkarteak eta Cousteau taldeak jarraitzen dute haren lanarekin.
9. James Lovelock (1919- )
“Gaia bere hipotesiak beste ikuspegi bat eskaini du Lurra planeta sistema itxi gisa aztertzeko”, azaldu du Campillok.
10. Jane Goodall (1934- )
APIAko presidentearen arabera, Jane Goodall “sinpletasunaren eta soiltasunaren irudi bizia da, eta horrek are miresgarriago bihurtzen du ospe zientifiko izugarriko zientzialari hau. Kongoko txinpantzeekin urte askoan izandako esperientzia ezagutarazteko egiten duen lana oso eraginkorra da. Entzule-kopuru txikiak izango ditu, seguru asko, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoak”.
11. Luc Hoffmann (1923- )
Luc Hoffmann, nazioarteko WWFren sortzailea eta geroago MAVA haren fundazioarena, munduko eta Espainiako kontserbazionismoaren mezenarik handienetakoa da, Benigno Varillas ingurumen-kazetariaren ustez. “Hari esker, José Antonio (Tono) Valverdek Doñanako Estazio Biologikoaren finka erosi ahal izan zuen, Parke Nazionalaren enbrioia”, aitortu du.
12. Masanobu Fukuoka (1913-2008)
Fukuoka nekazari, biologo eta filosofo japoniar bat izan zen, “nekazaritza naturala” sortu zuena. Eduardo Renovalesen arabera, ziklo naturalen behaketan eta hori baratzeko landareei aplikatzean oinarritzen da. Landare horiek hobeto hazten dira gizakion esku-hartze puntualen bidez.
13. Maurice Strong (1929- )
Strongen lan nagusia, Benigno Varillasen iritziz, Nazio Batuetan eginikoa izan zen, mundu-biltzarrak sustatu baitzituen, 1972an Stockholmen egindakotik 1992an Rion egindakoraino. NBEko Bakerako Unibertsitatean lan egin zuen 2007. urtera arte, eta, Mikhail Gorbatxov lagunarekin batera, “Lurraren Gutuna”ren beste edizio bat sustatu zuen 2000. urtean.
14. Max Nicholson (1904-2003)
Nicholson Erresuma Batuko eta munduko kontserbazionismoaren sustatzaile nagusietako bat izan zen, Varillasen arabera. “Gobernu britainiarreko goi-karguduna izan zen, 1932an British Trust for Ornithology sortu zuen, gero Nature Conservancyko (1952-1966) zuzendari izan zen; 1961ean, WWFren sortzaile nagusietako bat izan zen, haren lagun Julian Huxley-rekin batera, Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuna (UICN) sustatu zuen 1948an, eta Tono Valverderen nazioarteko aitajauna izan zen, Doñanako Erreserba eta estazio biologikoa sortzen laguntzeko; gune horretan, Espainiako kontserbazio-biologia garatu zen”, dio kazetariak.
15. Naomi Klein (1970- )
Klein globalizazioaren aurkako mugimenduan eragin handia duen kazetaria da, azaldu du Renovalesek. “Hainbat erreferentzia-liburu idatzi ditu, hala nola No logo, non marken eta multinazionalen boterea deskribatzen baitu, eta The Shock Doctrine, psikologia eta ekonomiaren arteko loturari buruzkoa”, Bizkaiko Ekologistak Martxan taldeko kideak gogorarazten duenez.
17.Remí Parmentier (1955- )
Benigno Varillas-ek Remí Parmentier nabarmendu du, Greenpeace International-en sortzailea. 2003az geroztik, Varda Group zuzentzen du, mundu osoko erakundeek ingurumen-gaietarako kontsultatzen duten nazioarteko aholkularitza-enpresa.
17.Vandana Shiva (1952- )
Shiva Zientzia Fisikoetako doktorea nazioarteko ekologista eta feminista ospetsuenetako bat da Eduardo Renovalesen iritziz: “Herrien eskubideen eta nekazaritza tradizionalaren defentsaren arloetan egindako lana nabarmentzen da. Hainbat artikulu eta liburu idatzi ditu, eta zeregin garrantzitsua betetzen du Globalizazioari buruzko Nazioarteko Foroan“.
18.Wangari Maathai (1940-2011)
“Lehen munduan ekologista izatea nahiko erraza da. Saiatu Kenyan ekologista izaten, emakume izanik”. Horrela aurkezten du Txema Campillok Maathai. Federico Velázquez de Castrok gogoratzen duenez, Bakearen Nobel saridun honek milioi bat zuhaitz baino gehiago landatu zituen Erdialdeko Afrikan desertizazioa geldiarazteko ahaleginean.