“Climate Change: How it Impact Us All”, gaur hasiko da New Yorken Nazio Batuen Urteko 60. Konferentzia, klima-aldaketaren fenomenoari eta mundu osoan dituen ondorioei buruz eztabaidatzeko balioko duena. Nazio Batuetako idazkari nagusi Ban Ki Moonek esan zuenez, “gizateria osoaren” arazoa da, eta, horregatik, irtenbidea “guztitik” etorri behar da.
80 herrialdetako GKEen 2.000 ordezkari baino gehiago izango dira datorren ostiralera arte egingo den topaketan. Biltzarrean gai hauek jorratuko dira, besteak beste: ura eta klima-aldaketa, enpresa-jardunbide egokiak, energiaren eta klima-aldaketaren alderdi ekonomiko eta politikoak, garapen jasangarria, osasuna eta hezkuntza. Horrez gain, “Ikuspegi berriak eta jardunbide egokiak” izeneko eztabaida-tailerra egingo da, klima-aldaketak uraren gatazketan duen eragina aztertzeko.
Hain zuzen ere, NBEko idazkari nagusiak zabaldu duen mezua munduko hezegune eta izoztuetan gertatu diren aldaketa sakonei, desertifikazioari, ekosistemen degradazioari edo elikagaien segurtasunik ezari buruzkoa da. “Ezin dugu arazo horien konponbidea epe luzera planteatu, ezta epe ertainera ere”, esan zuen. “Beharrezkoa da orain jardutea eta mundu osoan jardutea”, azpimarratu zuen. Topaketa hori “beste urrats bat” izango da mundu eta etorkizun hobea lortzeko lankidetza aktiboan”, esan zuen Ban Ki Moonek.