Gero eta espezie gehiago daude desagertzeko arriskuan; naturari ez ezik, gizateria osoari ere eragiten dion arazoa da. Herritarrek oinarrizko aholku batzuk bete ditzakete mehatxupean dauden espezie horiek eta, oro har, biodibertsitate guztia berreskuratu eta kontserbatzeko: arazoari buruz informatu eta kontzientziatu, legez kanpoko jarduerak saihestu eta salatu, naturan duzun eragina murriztu, gune babestuak bisitatu eta boluntario gisa lagundu, modu jasangarrian kontsumitu edo eremu naturaletan kontuz gidatu.
1. Animalia-espezieak suntsitzeari buruz informatzea eta kontzientziatzea
Irudia: Enrique A.
Arazo baten aurka borrokatzeko lehen pausoa hura ezagutzea eta haren garrantziaz eta ondorioez jabetzea da. Zientzialariek aspalditik ohartarazi dute desagertzeko arriskuan dauden espezieen kopurua handitu egin dela. Hala erakusten dute Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (UICN) Zerrenda Gorriak eta antzeko lanek. Nick Nuttall Nazio Batuen Ingurumen Programaren (NBIP) bozeramaileak dioenez, “gizakiek bultzatutako seigarren suntsipenaren lekuko gara”. Biodibertsitatea galtzeak hasiera batean dirudien baino askoz eragin handiagoa du. “Naturaren balio ekonomikoaren bi herenak ikusezinak dira eta ez dira kontuan hartzen”, dio Josh Bishop-ek, “The Economics of Ecosystems and Biodiversity (TEEB)” azterlanaren koordinatzaileak. Biodibertsitateak animalia politak edo irudi natural ederrak baino askoz gehiago eskaintzen digu: bizia ematen digu. Kontzientziatuta dagoen pertsona batek dibertsitate biologikoa babestearen abantailak eta hori gauzatzeko modua azal diezazkieke beste batzuei.
2. Arriskuan dauden espezieekin legez kanpoko jarduerak saihestu eta salatzea
Biodibertsitateak animalia politak baino askoz gehiago eskaintzen digu: bizia ematen digu. Espezieen kontrabandoak (bereziki Espainian, mundu osoko merkatuaren % 30 Espainian zehar egiten dela uste baita), legez kanpokoa izateaz gain, arriskuan jartzen du egoera ahulean dauden izaki bizidun askoren biziraupena. Hala gertatzen da espezie exotiko bat lortzen denean, dela bizirik dela haren zatiekin egindako oroigarri gisa, hala nola koralekin edo bolizko zintzilikarioekin. Kasu horietako bat atzemanez gero, Seprona edo Industria eta Merkataritza Ministerioa bezalako erakundeek edozein informazio eskertzen dute. Kanpoko espezieak sartzeak bertako biodibertsitatea arriskuan jar dezake, inbaditzaile bihurtzen baitira.
3. Naturan dugun eragina murriztea
Naturgune bat bisitatzen denean, sortzen den inpaktuak bertako espezieen biziraupena arriskuan jar dezake. Hori saihesteko, hainbat aholku erraz jarrai daitezke, hala nola, sortutako zaborra behar bezala birziklatzeko biltzea, uraren erabilera murriztea, sua ez egitea horretarako prestatutako lekuetan izan ezik eta betiere behar bezalako neurriak hartuta, ez ukitzea elementu naturalak, hala nola habiak, gordelekuak eta abar. Natura arriskuan jartzen duen jardueraren bat ikusten bada, hala nola legez kanpoko isurketak, pozoia duten jakiak eta abar, agintari eskudunei salatu beharko litzaieke.
4. Gune babestuak bisitatzea eta boluntario gisa laguntzea
Hainbat GKE ekologista eta erakundek ingurumen-boluntariotzako programen eskaintza zabala proposatzen dute, eta baliabide nahikorik jasotzen ez duten naturguneak kontserbatzen eta berreskuratzen laguntzen dute. Bisita horiez gain, biodibertsitatea zaintzen eta haren lana babesten duten erakunde ekologista eta kontserbazionistetan parte har daiteke.
5. Naturarekiko modu jasangarrian kontsumitzea
Biodibertsitatea eta arriskuan dauden espezieak zaintzea ez da naturan bakarrik egiten, etxean, lanean, eguneroko bizitzan ere egiten da. Kontsumitzeko modu jasanezin batek arriskuan jartzen du guztion biziraupena. Horregatik, komeni da kontsumitzaile ekologikoaren zazpi urratsak gaureganatzea: zerbait kontsumitu aurretik hausnartzea, produktu edo jarduera ez-ekologikoak errefusatzea (“erabili eta botatzeko” artikuluak, adibidez), kontsumoa murriztea behar dena bakarrik erabiltzeko, objektuak bizitza luzeagoa emateko berrerabiltzea, materialak aprobetxatzeko birziklatzea, desorekei aurre egiteko ondasunak birbanatzea eta ingurumena hobetzen lagunduko duten jarduerak erreklamatzea
6. Kontuz gidatu
Arriskuan dauden animalia asko beren habitatak zeharkatzen dituzten eremu urbanizatu eta errepideez inguratuta daude. Animalia horiek ez dakite ez zirkulazio-koderik ez ibilgailuak pasatzeko lehentasuna dutenik, eta harrapatuta hiltzen dira edo larri zaurituta geratzen dira. Espainiako adibide paradigmatiko bat katamotz iberiarra da. Felido horren ale bakanetako batzuk ibilgailuen talkagatik hil dira, berreskuratzen lan egiten duten adituek askatu ondoren. Horregatik, naturgune batetik zirkulatzean, hobe da mantsoago eta kontuz ibiltzea.