Turismoak milioika pertsona mugitzen ditu mundu osoan, eta onura ekonomiko handiak eskaintzen ditu. Hala ere, jarduera turistikoa handitzeak kalte larriak eragiten dizkio ingurumenari, hala nola klima-aldaketa bizkortzea, biodibertsitatea eta naturguneak galtzea edo baliabideak neurriz kanpo erabiltzea. Turismo ekologikoa natura errespetatzen duen alternatiba bat da, garapen iraunkorrean oinarritua, kontsumitzaileei aukera ekologikoagoa eta osasungarriagoa eskaintzen diena, eta tokiko komunitateak eta komunitate indigenak hobetzen dituena, desagertu ez daitezen. Inguru naturalak, gastronomia ekologikoa edo masifikaziorik eza dira turismo ekologiko horren hornitzaileek eskaintzen dituzten abantailetako batzuk, nahiz eta onartzen duten eskaintza oraindik ez dela nahikoa eta prezioak, oro har, garestiagoak direla. Era berean, komeni da kalitate irizpide batzuk eskatzea, sektorea ez baita oso arautua. Azken finean, turistek ingurumena hobetzen lagun dezakete, bidaiatzen dutenean eta beren helmuga turistikoetara iristen direnean oinarrizko arau batzuei jarraituz.