Nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-produktuetatik sortutako biomasa erregai gisa erabiliz gero, karbono dioxidoaren (CO2) emisioak 1.000 milioi tona inguru murriztuko lirateke urtean; hau da, Kanadak eta Italiak urtean batera egindako emisioak, Naturarentzako Mundu Funtsak (WWF) eta Biomasaren Industriaren Europako Elkarteak (IOM) egindako txosten baten arabera.
Gaur Bruselan aurkeztu den lan horren arabera, biomasa energia-iturri bat da, eta, kostuen aldetik eraginkorra izateaz gain, neutrala da karbono-emisioari dagokionez, herrialde industrializatuen elektrizitate-eskariaren %15 (gaur egun, %1) ase dezake 2020an. “Horrek 100 milioi etxeri elektrizitatea hornitzeko aukera emango luke, eta hori ohiko 400 estazio elektriko handi ordeztearen baliokidea izango litzateke”, dio WWFk.
Halaber, txostenak erakusten du energia garbia ekoizteko biomasa nabarmen handitzeak nazio industrializatuetako lurren %2 baino gutxiago beharko lukeela, eta ez litzatekeela elikagaien ekoizpenarekin edo naturaren kontserbazioarekin lehiatuko.
“Biomasak beste energia-iturri berriztagarri batzuekin alderatuta (eolikoa edo eguzki-energia, esaterako), abantaila handia du: metatu egin daiteke, eta, gero, behar den unean erabili. Hau da, biomasa gai da etengabeko eta fluktuaziorik gabeko elektrizitate-fluxua emateko” esan zuen Giulio Volpik, WWFko Klima Aldaketaren Programaren arduradunak.
GKEak Suedia jarri du biomasaren erabileraren adibide gisa. Herrialde hori “energia hori aldatzen eta erabiltzen ari da Suediako Gobernuak energia nuklearraren erabilera pixkanaka kentzeko hartutako konpromisoaren zati gisa”, adierazi zuen Volpik.