Automobil eta Kamioi Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (ANFAC) eta Automobilaren Segurtasunerako Institutu Teknologikoaren Fundazioak (FITSA) garatu dute. Automobilaren Datuen Biltegi Integrala (AIDA) fitxategi bakar batean bildu nahi ditu gaur egun automobilaren tramitazioan parte hartzen duten erakunde publiko eta pribatuen mende dauden datuak.
Helburua da ibilgailuak beren bizi-ziklo osoan zehar tramitatu eta kontrolatzeko prozedurak hobetzea. Horretarako, informazioa zuzenean jasoko dute eragile guztiek: fabrikatzaileek, kontzesiodunek, tailerrek, zerga-administrazioak, udalek, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak, aseguru-etxeek eta abarrek.
AIDAK, adibidez, ibilgailuak matrikulatzeko dokumentazio teknikoa sortu eta teletransmisioa egiteko aukera emango du. Halaber, paperaren ordez dokumentazio elektronikoa erabiliko du, herritarrek urtero egiten dituzten hogei milioi izapide baino gehiago sinplifikatuz. Administrazioek eta enpresek azkar eta erraz eskuratu ahal izango dituzte datuak, eta, horri esker, hobeto kudeatu ahal izango dute gure herrialdeko parke mugikorra.