Europako Batzordeak BMW eta General Motors (GM) automobil-fabrikatzaileen banaketa- eta zerbitzu-sistemei buruzko ikerketa itxi du, beste marka batzuk saldu eta konpontzeko emakidadunei eragiten zieten murrizketak kendu baitituzte. BMWri buruzko kasuak izen bereko markari eta Miniri eragiten zien; GMkoak, berriz, Opel, Vauxhall, Saab eta Chevroleti.
Europar Batasuneko exekutiboaren arabera, bi enpresek beharrezko neurriak hartu dituzte kontzesiodunek marka anitzeko instalazio gisa jardun ahal izateko. Hala, banaketa-sareek beste konpainia batzuetako autoak saltzeko aukera izango dute, baita gainerako marketako konponketak eta mantentze-lan ofizialak egiteko ere.
Europako Lehiaren komisarioa, Neelie Kroes holandarra, pozik agertu da bi konpainien jarrera “konstruktiboarekin”, atzemandako arazoei irtenbideak emateko orduan. Kroesen arabera, automobilgintza-sektoreko banaketari eta marka anitzeko kontzesionarioei buruzko 2002ko erregelamendu bat aplikatzeari buruz sartu diren neurriak “gidari” izango dira.
Bestalde, Europako Lehiaren bozeramaile Jonathan Todddek esan du hemendik aurrera “kontsumitzaileek aukera handiagoa izango dutela beren autoak non erosi eta konpondu erabakitzeko, eta aukera gehiagok lehia handiagoa eta kontsumitzailearentzako baldintza hobeak ekarriko dituztela”.
Toddek zehaztu du une honetan Batzordeak ez duela beste marka batzuei buruzko ikerketarik martxan, BMW eta GMri “arazoak konfinatuta” zeudelako; gainerako fabrikatzaile guztiek “erabat” betetzen dituzte Europako arauak.