Ministroen Kontseiluak oniritzia eman zion atzo Gidarien Araudi Orokor berriari. Izan ere, Europako Batasuneko (EB) araudira egokitzearren, gida-baimenei buruzko berrikuntza garrantzitsuak sartu ditu.
Berritasunetako bat da 15 urte dituela, eta gaur egun 14 urte, berriz, ziklomotorrak gidatzeko gutxieneko adina. Neurri honek 2010eko irailaren 1ean hartuko du indarra, luzamendu baten ondorioz. Ziklomotor lizentzia AM izanen da aurrerantzean.
Gainera, ziklomotorreko gidariek ez dute bidaiariak garraiatzeko baimenik izango 18 urte izan arte, 2008ko irailaren 1a baino lehen lizentzia lortu dutenak izan ezik, horiek garraiatu ahal izango baitituzte.
Halaber, beste moto-baimen bat sortu da, A2 izenekoa, gehienez ere 47 zaldiko motozikletak eta 500 zentimetro kubiko arteko motorra gidatzeko baimena ematen duena. Lizentzia hori zuzenean eskuratu ahal izango da, baldin eta izangaiak 18 urte beteta baditu eta dagozkion ezagutzak eta gaitasunak kontrolatzeko proba guztiak gainditzen baditu, edo, pixkanaka, izangaia A1 baimenaren titularra bada, gutxienez bi urteko antzinatasunarekin eta gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko proba gainditzen badu.
500 zentimetro kubiko baino gehiagoko motorren kasuan, horiek gidatzeko gutxieneko adina 20 urtekoa izanen da. Gainera, izangaiak gutxienez bi urteko esperientzia egiaztatu beharko du A2 txartelarekin eta berariazko prestakuntza gainditu.
Azkenik, txartelen indarraldia aldatu, erraztu eta epeak luzatzen dira. Erregelamendua indarrean sartzen denean, gutxi gorabehera sei hilabete barru, AM, A1, A2, A baimenak eta gidatzeko lizentziak 10 urtean behin berrituko dira 65 urtera arte, eta adin horretatik aurrera, bost urtean behin. Baimen profesionalen kasuan (BTP, C1, C, D), bost urtean behin berrituko dira titularrak 65 urte betetzen ez dituen bitartean eta hiru urtean behin, adin horretatik aurrera.