Transplanteen Erakunde Nazionalaren (ONT) azken datuen arabera, Espainiako ospitaleek 2.131 giltzurrun-transplante egin zituzten 2003an. Datu positiboa izan arren, ONTk deitoratu du horien %3 bakarrik izan zirela emaile bizi batenak.
Oscar Leiva Espainiako Urologia Elkarteko (AEU) presidentearen iritziz, gure herrialdean bizirik dauden emaileen organo eskasia, besteak beste, gorpuak dohaintzan emateko egun dagoen programa “hain aktiboari” zor zaio. Ildo beretik, adituak argitu zuen dohaintza-emailearen profila aldatu egin dela duela hamar urtetik hona; izan ere, “lehen istripuan hildako gazte batena bazen, orain 60 urtetik gorako odol-emaileak dira”.
Nolanahi ere, Leivak onartu duenez, “organoa erauzteko teknika laparoskopikoa erabiltzen denetik, bizirik dagoen emailearen giltzurrun-transplantea goranzko joeran dago, eta azken hiru urteetan hirukoiztu egin da”.
Era berean, doktoreak gaineratu zuen giltzurrun-transplanteak direla ohikoenak Espainian. Organoa jaso eta urtebetera, gaixoaren biziraupen-tasa %95 edo %100 ingurukoa da; txertoaren biziraupena, berriz, %90 ingurukoa da ebakuntza egin eta hiru urtera, eta %75ekoa, 10 urte igaro ondoren.
Bestalde, azken urteotan, “nolabaiteko oreka” erregistratu da Espainian emaileen kopuruaren eta hartzaileen kopuruaren artean. Era berean, gure herrialdeko ospitaleek transplante bikoitzen indize handienak dituzte.
Emaile idealaren profilari dagokionez, Leivak azaldu du 10 eta 50 urte bitarteko pertsona bati legokiokeela, traumatismo kranioentzefaliko baten ondorioz hil dena eta gaixotasun baskularren aurrekaririk ez duena. Hartzaileari dagokionez, baldintzarik onenak 30 kilogramotik beherako haurrak, nerabeak eta helduak izaten dira 50 urte bete arte, “adin horretatik aurrera arriskuak areagotu egiten baitira”, esan zuen espezialista horrek.