Alzheimer gaitzaren eraginpean dauden garuneko eremuak dementzia diagnostikatu baino hamar urte lehenago has litezke murrizten. Hori da Bostongo (Estatu Batuak) Harvardeko Medikuntza Eskolak “Neurology” aldizkarian argitaratutako azterlan baten ondorio nagusia. Aurkikuntzak etorkizunean patologia hori nork garatuko duen eta sintomak noiz agertuko diren jakiteko aukera eman lezake.
Erresonantzia magnetikoko irudien eskanerrak erabili zituzten ikertzaileek, oroimen-arazorik edo Alzheimer seinalerik ez zuten pertsonen garuneko eremuak neurtzeko. Gero, urtetan jarraitu zieten, gaixotasuna nork garatzen zuen ikusteko. Alzheimer gaixotasunean parte hartzeagatik ezagunak ziren arloetako neurrietan jarri zuen arreta bereziki talde zientifiko horrek. Gaixotasunari lotutako eremuetan garun-tamaina txikiagoa zutenek askoz joera handiagoa zuten gaixotasuna garatzeko neurri handiagoak zituztenek baino.
“Neurri hori Alzheimer gaixotasunarekin lotutako garuneko lehen aldaketen irudi-markatzaile garrantzitsua izan daiteke, eta gaixotasun horri lotutako dementzia nork garatuko lukeen aurresaten lagundu dezake, baita, seguruenik, dementzia garatu aurretik zenbat denbora egongo litzatekeen ere”, azaldu du Bradford Dickerson ikerketaren zuzendariak.
Garuneko eskanerretan oinarritutako hiru taldetan banatu ziren parte-hartzaileak: Alzheimerrari lotutako eremuetan neurketa txikiak, ertainak eta altuak dituztenak. IRMaren neurririk apalenak zituzten 11 pertsonetatik %55ek Alzheimerra garatu zuen, eta neurri altuenak zituzten bederatzi pertsonetatik bakar batek ere ez zuen dementzia garatu. Batez besteko neurriekin, %20k eritasuna garatu zuen.
“Era berean, konturatu gara Alzheimer gaixotasunaren IRMaren markatzailea garunean adierazten dutenak hiru aldiz joera handiagoa zutela dementzia garatzeko 10 urteko jarraipenean, neurri altuenak dituztenak baino”, esan du Dickerson-ek. Ikertzaileak ondorioztatu du emaitza horiek ez daudela prest ikerketa-azterketetatik kanpo aplikatzeko, baina baikorrak direla markatzaile horrek etorkizunean izango duen erabilgarritasunari buruz.