
Antsietate-krisia, agorafobia eta fobia soziala dira antsietateak eragin ditzakeen arazoetako batzuk. Egia esan, pertsonen erreakzio emozional normala da, eta mekanismo fisiologiko batzuk zabaltzen ditu egoera batzuei aurre egiteko. Baina erantzun organiko eta kognitibo hori oso bizia edo gogorra denean, antsietatea patologiko bihur daiteke. Berri ona da antsietatez gaixotu behar ez izatea. Antonio Canok, psikologian doktore eta Antsietatea eta Estresa Aztertzeko Espainiako Elkarteko presidenteak (SEAS), elkarrizketa honetako gakoak emango dizkigu.
London School of Economics-en “Depression Report” txostenak, depresioari eta antsietate kronikoaren nahasteei buruzkoak, gaitz horiek teknika psikologiko eraginkorrekin tratatzea zenbat kostatuko litzatekeen kalkulatu du, eta, gainera, frogatu du terapia farmakologikoa ez litzatekeela hain errentagarria izango. Antonio Canok azaldu duenez, depresio eta antsietate kronikoa duten lau pertsonatik batek bakarrik jasotzen du tratamendu egokia, txosten horren arabera. Tratamendu psikologikoa defendatzen du, eta psikologian 5.000 espezialista kontratatzea eta antsietatea eta depresioa kudeatzeko 5.000 erizain prestatzea aurreikusten du.
“Inbertsio hori eraginkorra izango litzateke, lehenik eta behin, gaixoa sendatu egingo litzatekeelako, asaldura kroniko bihurtu ordez; bigarrenik, botikak garestiak direlako eta bizitza osoa hartu behar delako; eta, hirugarrenik, antsietate-asaldura duen pertsonak gastu iraunkorra sortzen duelako osasun-sisteman, kardiologia- edo digestio-aparatuko espezialistarengana joaten delako, eta proba garestiak egiten dituelako, baina ez dio arazo fisikorik sortzen.”